Datorren martitzenean, hilaren 27an, Etxebizitzari buruzko Topaketa antolatu du Getxoko EH Bilduk, Algortako Villamonte kaleko kultur etxean, 18:30ean. "Gure helburua da Getxon bizi dugun etxebizitzaren arazoaren diagnostikoa egitea, alternatiba zehatzak proposatu ahal izateko", azaldu dute antolatzaileek.
Begoñako galeriak ezagutzeko beharrezkoa da aurretik izena ematea; horretarako epea zabaldu dute daborduko. Galeriak apirilaren 1etik uztailaren 30era bisitatu ahal izango dira. Aurrekoetan legez, izen-ematea egin ahal izango da udalaren webgunean edo Turismo Bulegoaren telefono-zenbakira (944 910 800) deituta.
Uribe Kostako Mankomunitateko Gizarte-Ekintza saila, Sopelako Udalagaz, Bizkaiko Foru Aldundiagaz eta eskualdeko beste Udalakaz elkarlanean, menpekotasuna duten senideen zaintzaile ez-profesionalak bilatzen dabil, gizartean ikusgai egiteko kanpaina baten bidez.
Plentzia Tenis Klubak antolatuko du Plentzia Hiriaren Saria, datozen ekainaren 26tik uztailaren 1era, astelehenetik zapatura. Lehiaketa horretan, 35 urtetik gorako tenis-jokalari beteranoek parte har dezakete, betiere federazioaren lizentzia egunean badaukate.
Ekainaren 30etik uztailaren 1era egingo dute Plentzian nazioarteko zinema beltzeko film laburren Mikrofilm Short Festival jaialdiaren 6. edizioa. Aurten, gainera, Proiektors erakusketa egingo dute ekimen horren barruan. Erakusketa horretan, 30. eta 70. hamarkaden arteko 30 zinema-proiektore inguru daude, askotariko formatutakoak: 8 mm, Super 8, 16 mm edota 35 mm; eta hainbat markatakoak: Bell&Howell, Kodak, Eiki, Micro Ci Son, Bauer, Elmo, Marin, Bollex Paillard edota Eumig. Erakusketa horren helburua da herritarren oroitzapen-kutxetan egon litezkeen pelikulak berreskuratzea. Hori dela eta, beren film artxiboak eramateko gonbidapena egin die antolatzaileek herritarrei.