Tartanga Berdea herri-plataformak jende-katea egingo du gaur, barikuan, arrastian, kiroldegiaren ondoko 20.000 bat metro koadroko lur-saila parke legez mantentzeko eta 400 etxebizitza eraikitzeko planaren aurka. Hitzordua Altzagako metro-geltokiaren aurrean ipini dute, 19:00etan. Ekainaren hasieran sortu zen herri-ekimena.
Begoñako galeriak ezagutzeko beharrezkoa da aurretik izena ematea; horretarako epea zabaldu dute daborduko. Galeriak apirilaren 1etik uztailaren 30era bisitatu ahal izango dira. Aurrekoetan legez, izen-ematea egin ahal izango da udalaren webgunean edo Turismo Bulegoaren telefono-zenbakira (944 910 800) deituta.
Uribe Kostako Mankomunitateko Gizarte-Ekintza saila, Sopelako Udalagaz, Bizkaiko Foru Aldundiagaz eta eskualdeko beste Udalakaz elkarlanean, menpekotasuna duten senideen zaintzaile ez-profesionalak bilatzen dabil, gizartean ikusgai egiteko kanpaina baten bidez.
Plentzia Tenis Klubak antolatuko du Plentzia Hiriaren Saria, datozen ekainaren 26tik uztailaren 1era, astelehenetik zapatura. Lehiaketa horretan, 35 urtetik gorako tenis-jokalari beteranoek parte har dezakete, betiere federazioaren lizentzia egunean badaukate.
Ekainaren 30etik uztailaren 1era egingo dute Plentzian nazioarteko zinema beltzeko film laburren Mikrofilm Short Festival jaialdiaren 6. edizioa. Aurten, gainera, Proiektors erakusketa egingo dute ekimen horren barruan. Erakusketa horretan, 30. eta 70. hamarkaden arteko 30 zinema-proiektore inguru daude, askotariko formatutakoak: 8 mm, Super 8, 16 mm edota 35 mm; eta hainbat markatakoak: Bell&Howell, Kodak, Eiki, Micro Ci Son, Bauer, Elmo, Marin, Bollex Paillard edota Eumig. Erakusketa horren helburua da herritarren oroitzapen-kutxetan egon litezkeen pelikulak berreskuratzea. Hori dela eta, beren film artxiboak eramateko gonbidapena egin die antolatzaileek herritarrei.
Kuadrillek txosnetatik udaletxera egingo duten jaitsieragaz emango zaie hasiera San Pedro jaiei, bihar, ekainaren 28an; 19:00etan abiatuko dira lagun-taldeak eta, helmugara helduta, erakustaldia egingo du bakoitzak. Horren ostean, 21:00etan, pregoia irakurri eta txupina botako du Sopelako emakume kirolariek, udaletxeko balkoitik. Ospakizunek uztailaren 2ra arte jarraituko dute.
Aurten ere izen handiko musikariek parte hartuko dute Getxoko Nazioarteko Jazzaldiaren 41. edizioan, hilaren 28tik uztailaren 2ra arte, Algortan. Saio nagusietan (Bihotz Alai plazan, 22:15ean), Chucho Valdés, Dianne Reeves, Christian Scott, Bill Evans, Dean Brown eta Andrej Olejniczak izango dira; horiei batuko zaizkie talde-lehiaketaren kontzertuak (Bihotz Alai plazan, 21:00etan); beste behin ere, Europako jazz-musikari gazteen lanaz gozatzeko aukera egongo da. Bestalde, Hirugarren Milurtekoa atalean, eskaintza ugaria izango da: Ana Bejerano Concept, Alberto Arteta Group, Daahoud Salim Quintet, Giulia Valle Trío eta The Machetazo taldeak igoko dira agertokira, Telletxe plazan; emanaldiak 19:00etan hasiko dira.
Erandioko festen maratoia aurrera doa eta Kukularrako jaiei jarraipena emango diete Arriagako festek, datorren aste-akabuan. Besteak beste, Olgetan Solas jolasak izango dira auzoan.