Zapatu honetan, uztailak 22, Agustin Ugarteren oroimenezko IV. Triatloi Olinpikoa izango da Areetan, Leioan eta Urdulizen, besteak beste. Getxo Triatloi Taldeak eta Trirunners bertako taldeek antolatuta, proba hori modalitate horretako Euskadiko zirkuituaren barruan dago, bigarren urtez. Parte-hartzaileek osatu beharko dituzte 1,5 kilometroko itsasaldia, 40 kilometro ibilbidea txirrindulaz eta 10 kilometroko lasterketa.
Begoñako galeriak ezagutzeko beharrezkoa da aurretik izena ematea; horretarako epea zabaldu dute daborduko. Galeriak apirilaren 1etik uztailaren 30era bisitatu ahal izango dira. Aurrekoetan legez, izen-ematea egin ahal izango da udalaren webgunean edo Turismo Bulegoaren telefono-zenbakira (944 910 800) deituta.
Uribe Kostako Mankomunitateko Gizarte-Ekintza saila, Sopelako Udalagaz, Bizkaiko Foru Aldundiagaz eta eskualdeko beste Udalakaz elkarlanean, menpekotasuna duten senideen zaintzaile ez-profesionalak bilatzen dabil, gizartean ikusgai egiteko kanpaina baten bidez.
Joan den martxoaren akabuan ipini zuten berriro martxan Getxoko Ingurumen Aretoa, Larrañazubi inguruan. Ordutik, hamaika izan dira bertan egindako jarduerak, gazte zein helduentzat. Udarako ere egitarau luzea prestatu dute, uztailaren 30 arte: ibilbide gidatuak, marrazketa-tailerrak, lore-tailerra eta sendabelarren tailerra, besteak beste. Saio denak doakoak izango dira.
Irailaren 21etik 24ra arte egingo da Sopela Kosta Fest jaialdia. Daborduko surfari buruzko film laburren lehiaketan parte hartzeko epea zabaldu dute antolatzaileek: lanak irailaren 3ra arte aurkez daitezke. Guztira, 1.000 euro banatuko dira saritan: lanik onenak 500 euroko dirusaria jasoko du, 250 euro herriko egile onenak eta beste 250 euro "Taula lila” alorreko irabazleak. Atal honetan emakumeek eginiko film lab urrek parte hartuko dute, eta "emakumezkoek surfean duten presentziari garrantzia emango zaio, estereotipoak edota genero ikuspegiko desberdintasunak apurtzeko grinarekin, beti ere", udal-iturriek adierazi dutenez.
Udan bete-betean sartuta gaudela, denboraz, konpainiaz eta eguraldiaz gozatzeko aukerarik ez da falta Plentzian. Hori gutxi ez balitz, beste horrenbeste jai antolatuta daude garaiotan, bertokoen zein etorritako guztien gozamenerako. Sankristobalak atzean utzita, karmenak eta madalenak ospatzeko ordua heldu da: uztailaren 15etik 16ra, eta hilaren 20tik 22ra, hurrenez hurren.
Uztailaren 20an eta 22an ospatuko dute urduliztarren Santa Mariñeko jaiak. Hori horrela, egun bi horietan, hamaika jardueraz gozatzeko aukera izango dute bertara hurbiltzen diren guzti-guztiek.
Musika, dantzak eta jantzi tradizionalak ez dira faltako uztailaren 20tik 22ra bitartean, Getxon. Izan ere, egun horietan, nazioarteko folklore-jaialdia egingo dute, Algortako Bihotz Alai plazan. Poloniar eta euskal dantza tradizionalez zein Mexikoko folkloreaz gozatzeko aukera izango dute hurreratuko diren den-denek. Saio guztiak 21:00etan hasiko dira; sarrera, doan.
Gorlizko udako festa nagusien hasierarako atzerako kontaketa hasi da; izan ere, uztailaren 21etik 26ra bitartean ospatuko dituzte aurten Santiago jaiak. Pregoiaren irakurketa eta txupinaren jaurtiketa 19:45ean izango den arren, herri-bazkariagaz hasiko dituzte gorliztarrek santiagoak. Jana 15:00etan hasiko da, baina horretan parte hartu gura dutenek aldez aurretik erosi beharko dituzte txartelak, uztailaren 17a baino lehen.
Areetako Santa Ana auzoa festaz jantziko da uztailaren 21etik 23ra bitartean. Hala, egun horietan, auzokide denentzako hamaika aukera egongo da, ume, gazte zein nagusientzat. Barikuan, uztailaren 21ean, emango diete hasiera Santa Anako jaiei. Arrastiko 07:00etan izango da txupinazioa, hala ere, hori baino lehenago, inguruko neska-mutilak 17:00etan hasiko den Txikigunean jolastu ahal izango dira.
Datorren barikutik domekara, uztailaren 21etik 23ra, jokatuko da Txumaren Nazioarteko Hiru Egunak lehiaketa. Kadeteen txirrindularitza-proba mistoaren seigarren edizioa izango da. Erandioko Udalak eta Elkar Kirolak txirrindularitza-eskolak lasterketa berreskuratu zutenetik ohi den legez, nazioarteko parte-hartzaileak ugariak izango dira Erandiogoikoko apaiza izan zen Txuma Olague berangoztarra omentzen duen proba horretan.
Berangoko Santa Ana auzoan, uztailaren 22an emango diete hasiera jaiei; ospakizunak uztailaren 26ra arte iraungo dute.