Otsailaren 25ean egindako osoko bilkura ezohikoan onartu zuen behin-behinekoz Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) Barrikako Udalbatzak. EAJren hiru zinegotziek eta EH Bilduren hautetsi biek euren botoak batu zituzten egitasmoa aurrera ateratzeko. Bestalde, gaur egun zinegotzi bana daukate IBarrikak eta Berdeek, eta horiek aurka bozkatu zuten. Koalizio abertzaletik zein alderdi independentetik kanpo geratu diren ordezkariak, ostera, ez ziren udal batzarrera aurkeztu. Kontu horiek alde batera utzita, HAPOren hasierako onarpena izanik, alegazioak egiteko aukera zabalduko da hemendik gutxira. Baita horiek aztertu eta bozkatzeko aukera ere.
Berebiziko garrantzia daukan egitasmoa izanik Barrikako HAPOren gainera gehiago espero zuen EH Bilduk, baina azpimarratu duenez, “gauza positiboak negatiboak baino askoz gehiago dira”. Gainera, horren lanketan egondako parte-hartzea nabarmendu dute ezkertiarrek: hasieratik HAPOren Aholkularitza Batzordea egon da martxan. Bertan “herriko elkarte guztiak” batu dira (emakumeena, auzo-elkarteak, ekologistak, kirol-elkarteak, eta abar). Aurreratze-txostena, hasierakoa, herritarren aurrean aurkeztu zen bilera irekian. Herritarron gomendiak jasotzeko epea ere zabaldu zen. Hori gutxi balitz bezala, genero-kuspuntutik HAPO lantzeko lau tailer ireki antolatu ziren, Hiria kolektiboaren zuzendaritzapean.
IBarrika alderdi independentea, ostera, ez dago ados, “alde batetik barrikoztarren iritzia ez dutelako kontuan hartu, eta, beste alde batetik, Udalbatza, batez ere, batzuen interesak kontuan hartu dituztelako”.
Irakurle agurgarria:
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!
Izan zaitez HIRUKAlagun