Ikasturtea urrian zabalduko du Abaroak

Iker Rincon Moreno 2015ko ira. 7a, 13:20
Hainbat neska-mutil teniszale. © BARRIKAKO ABAROA TENIS TALDEA

Barrikako Abaroa tenis taldeak datorren urriaren lehenengo astean hasiko ditu ikasturtea eta entrenamenduak. Bazkideei zabaldutako oharrean jakinarazi duenez, kide denek iazko leku eta ordutegi bera izango dute. Era berean, hasiberrien taldeak barikuetan izango dira, nahiz eta aurten eskariaren eraginez beste talde bat egongo den: zapatu eta domeketan goizeko 10:00etan. Bestalde, daborduko Barrikako Open saria eta Beterano gazteen gizarte txapelketa antolatu dituzte.

Barrikako Udalaren saria irailaren akabuko asteburu bietan egitekoa zen, baina Bizkaiko txapelketagaz bat egitearen ondorioz, irailaren 25etik urriaren 4ra jokatuko dute. Izen-ematea irailaren 22ra arte egin daiteke, posta elektroniko mezu bat bidaliz barrikatenistaldea@gmail.com helbidera. Mezuan, izen-abizenak, lizentzia zenbakia eta sakelako telefono-zenbakia jarri behar dira. Egun berean egingo da zozketa eta irailaren 24an elkartearen webgunean jakinaraziko da joko-ordena. Partidak arrastiz jokatuko dira astean eta goizez zein arrastiz, asteakabuetan. Izen-ematea bazkideentzat 12 eurokoa da eta besteentzat 15ekoa.

Beterano gazteen txapelketari dagokionez, 35 urtetik gorako jokalari denek parte har dezakete, emakumezkoek zein gizonezkoek. Izena emateko epea irailaren 23an amaituko da, 20:00etan. Horretarako, posta elektronikoa bidali beharko da. Inskripzioak 12 euro balio du. Txapelketa irailaren 25etik urriaren 4ra jokatuko da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun