Udal aurrekontua onartu du Barrikako Udalak, eta inbertsio gutxiago izango du aurton

Iker Rincon Moreno 2016ko api. 18a, 12:15
Barrikako udaletxea.

Barrikako Udalak 2016rako udal aurrekontuak onartu zituen azkeneko osoko bilkuran, EAJren eta Ibarrika-ren aldeko botoakaz (5); Orain (1) eta EH Bilduk (3) kontra bozkatu zuten. Guztira, 1.567.755 euroko aurrekontua onartu zuten, 2015ekoa baino 1.000 euro gutxiagokoa, EH Bilduk gogogoratu zuenez.

Langileen gastua %13 (42.352 euro) eta ondasun eta zerbitzuetarako gastua %7 (50.647 euro) handitu dituzte, eta inbertsio errealerako dirua %45 (- 177.898 euro) murriztu dute, 2015eko aurrekontuagaz alderatuz gero. Hori horrela, aurreko urteetan izandako diru-sarrerak bertsuak izan arren, inbertsio errealerako diru gutxiago bideratuko dutela salatu du EH Bilduk.

Zehaztu dutenez, 5.203 euro bideratuko dituzte Goierriko udal artxiboa egokitzeko, eta 10.000 euro udal aldizkari berria ekoizteko, besteak beste.

Udalak 412.000 euroko soberakina du. EH Bilduren arabera, EAJ eta Ibarrika-k ez dute diru hori inbertsioetarako erabili gura izan. Izan ere, koalizio abertzaleak jakinarazi duenez, gobernu-taldeak "denborak aurrera egin ahala" erabakiko du zeintzuk izango diren inbertsioak egiteko "lehentasunak". Gogoratu dutenez, 2015ean Zearreta, Larretxe eta Lepola inguruetako saneamendu lanetarako erabili izan zen dirua soberakinetatik finantzatu zuten, besteak beste

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun