Uribe Kosta jaietan 2016

Jaietako txupina zapatuan botako dute barrikoztarrek

Iker Rincon Moreno 2016ko eka. 15a, 11:11
San Juan sua, Barrikako jaietan. NINBE LANDA

Pasa den domekan, Argazkilaritza Rally digitalaren bigarren edizioak abiatu zituen Barrikako festak. Hala ere, benetako hasiera zapatu honetan helduko da, Aita Gotzon abesbatzak irakurriko duen pregoia eta txupina entzuteagaz batera. Handik aurrera, hamaika ekitaldi izango dira herrian, txepelenak ere animatzeko hainak.

Musikaren aldetik, hilaren 18an, II. Barrika On Air banda eta DJ lehiaketa egingo dute. Bigarren asteko eguenean, ordea, familia osoarentzako disko-festa prestatuko du DJ Pakok. Bestalde, bigarren zapatuan Batek Daki taldeak joko du, erromeria.

Jaietako ohiko protagonista, San Juan eguneko bezperako sua, Cirkifoc taldearen ikuskizunak lagunduta etorriko da aurten. Baina garbizaleek eta kuxkuxeroek antzina sua zelan isiotzen zen ikasi ahal izango dute, sutearen ondoan berotu aurretik. Kirolzaleek ere izango dute zertaz gozatu Barrikako festetan; zapatu honetako herri-ibilaldirako izen-ematea kultur-gunean egin dezakete barikura arte, bertatik igaroz, liburutegia@barrika.net posta elektronikora mezua bidaliz edo 946 775 163 telefonora deituz. Probaren egun berean ere inskripzioa egin daiteke irteeran, goizeko 08:00etatik aurrera. Parte-hartzea doakoa da.

Sendiek ere bere tartea izango dute jaietan. Besteak beste, bigarren zapatuan Margolari Gazteen Kanpoko Lehiaketa izango da, 0 eta 12 urte bitarteko haurrek parte har dezaten; adinaren araberako hainbat kategoria eta sari izango dira.

Bestalde, Barrikako jai-batzordeak boluntarioak eskatu ditu jaietan laguntzeko. Interesa dutenek honako posta-elektronikora idatz dezakete: barrika.j.b@gmail.com.

Egitaraua

Ekainak 18, zapatua

  • 09:00 Zazpiko futbol-txapelketa, futbol-zelaian.
  • 09:00 IV. Herri-ibilaldi Luzeko (13 kilometro) irteera, Txintxilandia plazatik.
  • 09:00 IV. Herri-ibilaldi Laburreko (3,5 kilometro) irteera, Txintxilandia plazatik.
  • 13:00 Adi metodoaren erakusketa, Txintxilandia plazan.
  • 17:30 Euskadiko Lur-gaineko Sokatira-txapelketa, 640 kilotan, tabernen ondoko landan.
  • 19:00 Aita Gotzon abesbatzaren txupina eta pregoia, udaletxeko plazan.
  • 19:30 Txoborro magoa, udaletxeko plazan.
  • 19:00 Testing-programa.
  • 20:00 Sardina-jana eta sagardo-festa, udaletxeko plazan.
  • 21:00 II. Barrika On Air banda- eta dj-lehiaketa, udaletxeko plazan.
  • 00:00 Alkoholemia testing-a, udaletxeko plazan.

Ekainak 19, domeka

  • 10:00 XVI. Nekazaritza eta Artisautza Azoka, udaletxeko plazan.
  • 11:00 Txu Txu trena: frontoia - nagusien etxea - Garramune.
  • 11:30 Bertsolariak: Josu Landeta eta Iñigo Kortazar, udaletxeko plazan.
  • 11:30 XL. sukalki-txapelketarako izen-ematea, udaletxeko plazan.
  • 12:00 Barrikako silexa lantzeko tailerra, udaletxeko plazan.
  • 13:00 Barrikako Euskal Dantzak Taldearen erakustaldia, udaletxeko plazan.
  • 14:00 Bendeja-txapelketako sari-banaketa, udaletxeko plazan.
  • 15:00 Sukalki-txapelketako sari-banaketa, udaletxeko plazan.

Ekainak 23, eguena

  • 18:00 Familientzako disko-festa Dj Pakogaz, udaletxeko plazan.
  • 20:30 Tai ji erakustaldia, udaletxeko plazan.
  • 21:30 Txokolate-jana, udaletxeko plazan.
  • 22:00 Silexez sua egiten ikasteko erakustaldia, udaletxeko plazan.
  • 22:30 San Juan suaren ikuskizuna Cirkifoc taldeagaz, udaletxeko plazan.

Ekainak 24, barikua, San Juan eguna

  • 11:00 Meza nagusia, elizan.
  • 12:00 Aita Gotzon abesbatzaren eta Sopelako Abesbatzaren emanaldia, udaletxeko plazan.
  • 13:30 Agurra, Barrikako Euskal Dantzak Taldeak dantzatuta, udaletxeko plazan.
  • 14:30 Herri-bazkaria, udaletxeko plazan. Txartelak salgai 17ra arte liburutegian eta 18tik 22ra txosnan.
  • 16:00 Dantzaldia Arotsak gidatuta, udaletxeko plazan.
  • 16:30 VII. Askotariko Kirol-jardunaldia, Barrikako Abaroa tenis-taldeak, Barrikako Piragua Taldeak eta Barrikako Futbol Eskolak antolatuta.
  • 20:00 Txistorra-jana, udaletxeko plazan.
  • 20:00 Dantza-plaza Saltoka taldeagaz, udaletxeko plazan.
  • 21:00 Emakumezkoen arteko III. Gaueko Padel- eta Tenis-txapelketa, Abaroa tenis-klubean.

Ekainak 25, zapatua

  • 11:00 Haurrentzako parkea eta puzgarriak, udaletxeko plazan.
  • 12:00 Txopolis fanfarrea, udaletxeko plazan.
  • 12:30 Margolari Gazteen Kanpoko Lehiaketa, udaletxeko plazan.
  • 18:30 Monda Lironda pailazoak, udaletxeko plazan.
  • 20:00 Saiheski-jana, Udaletxeko plazan.
  • 21:00 Gizonekoen arteko III. Gaueko Padel- eta Tenis-txapelketa, Abaroa tenis-klubean.
  • 21:00 Erromeria Batek Daki taldeagaz, udaletxeko plazan.

Ekainak 26, domeka

  • 09:00 Pala Txapelketaren finala, udaletxeko plazan.
  • 12:00 Bizkaiko Orga-joko Txapelketa, udaletxeko plazan.
  • 13:00 Bitsa-jaia, udaletxeko plazan.
  • 14:00 Kartel-, pala-, eta margo-txapelketen sari banaketa, udaletxeko plazan.

Barrikako jai-batzordeak boluntarioak eskatzeko ateratako kartela

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun