Politika  Barrika 2016-10-05 16:45

Irailaren 25eko hauteskundeetan aldi bitan bozkatu izana egotzi diote Barrikako EAJko zinegotzi bati

Andoni Alkorta Morenok, Barrikako EAJko zinegotziak, aldi bitan bozkatu zuen irailaren 25eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, Naiz.eus egunkariak zabaldu duenez. Alde batetik, Alkortak posta bidez bozkatu zuen bere ohiko mahaian, Sopelan. Horrez gainera, artekari gisa jardun zuen mahaian ere bozkatu zuen, Barrikan. Alkortak azaldu duenez, Barrikako mahaian zeudenak "derrigortu" zuten bozkatzera, "uste zutelako Sopelako mahaian bajan emango zidatelako". Sopelako EH Bilduk aurkeztu zuen inpugnazio-eskaera.

Irailaren 25eko hauteskundeetan aldi bitan bozkatu izana egotzi diote Barrikako EAJko zinegotzi bati
Barrikako Udalbatza, artxiboko irudian. | Ikusi handiago | Argazki originala

Andoni Alkortak azaldu duenez, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan kanpora joateko asmoa zuen. Hori dela-eta, posta-bidez bozka ematea erabaki zuen, "horretarako aukera zabaldu zuten egun berean". Halere, Barrikako EAJk udalerri horretan artekari gisa jarduteko proposatu zion, "jenderik ez zegoelako"; eta hala egin zuen.

Irailaren 25ean bertan, hauteskundeen egunean, Alkorta artekari zegoen mahaia osatzen eta bertan bozkatzeko eskubidea zuten guztiek bozkatu zuten. Zinegotzi jeltzaleak ohartarazi duenez, berak bertan ez zuela bozkatuko esan zuen: "aurretik posta bidez bozkatu nuela esan nien. Bertan zeuden presidentea, bokal biak, EH Bilduko ahaldun bi eta Barrikako Udaleko idazkaria. Halere, bertan bozkatzeko esan zidaten, Sopelan bozkatu behar dudan mahaiko arduradunakaz harremanetan jarri zirelakoan eta bertan baja emango zidatelakoan, berez. Hori dela-eta, guztien aurrean, bozkatu nuen".

Alkortak argi utzi gura izan du ez dela "inora" joan aldi bitan bozkatzera. "Nik aldez aurretik nire bozka bidali nuen korreoz, eta Barrikako mahaian behartu ninduten bozkatzera, aurreikusten zutelako Sopelan bajan emango zidatela. Dirudienez, arazoa da Sopelako nire mahaian zegoen presidenteak ez zuela kredentziala jaso, eta ez zidala bajan eman".

Legearen arabera, berez bozkatu behar ez duen mahai batean artekari gisa jarduten badu, zinegotzi jeltzaleak horren berri eman eta baja eman beharra zuen ohiko bozketa tokian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa