Politika  Barrika 2016-12-02 11:30

Diru publikoaren erabilera arduratsua exijitu dio Barrikako EH Bilduk EAJri

EAEko Justizia Auzitegi Gorenak ebatzi berri du Barrikako Udalak (EAJ) eta Bizkaiko Foru Aldundiak era ilegalean txaletak eta Babes Ofizialeko Etxebizitzak egin dituztela babestutako kostako espazio batean. Horren harira, EH Bilduk salatu duenez, "enegarrenez agerian uzten da EAJren kudeaketak inongo eskrupulurik gabe bere interes pribatuak lehenesten dituela, interes publikoaren gainetik, baita horretarako irregulartasunak egin behar baditu ere".

Koalizio abertzaleak gogora ekarri duenez, urte hauetan guztietan EAJk "entzungor" egin izan die proiektu hori geldiarazteko herritarren eskaerei. "Are gehiago, epaitegietatik proiektu honen kontra etorri zaizkien ebazpen eta aginduei ere muzin egin izan die, beraien interesak kosta ahala kosta aurrera ateratzeko", gaineratu dute.

Hori dela-eta, EH Bilduk azaldu du Barrikako eta Bizkaiko herritar guztiek 1,5 milioi euro ordaindu beharko dituztela, "babestutako eremu batean 85 txalet eta 12 Babes Ofizialeko Etxebizitza eraikitzeko egindako birkalifikatze ilegalaren ondorioz".

Hori denagatik, koalizio abertzaleak "ardura politikoa" exijitu dio EAJri, eta dei egin dio "bezerokerian" oinarritutako kudeaketa eredua albo batean uzteko. Halaber, herritarren diruaren erabilera publikoa "erabat garbia" izan beharko lukeela jakinarazi du; "ez gaude inola ere prest EAJk sortzen dituen zuloak ordaintzen segitzeko".

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa