Barrikabaso auziagatik 1,5 milioi euroko kalte-ordaina oraindu beharko dute Udalak eta Aldundiak

Iker Rincon Moreno 2017ko urt. 18a, 12:45
Babes bereziko gune gisa izendatuta dago Barrikabaso ingurua. © EH BILDU BARRIKA

Barrikako Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak 1,5 milioi euroko kalte-ordaina eman beharko diote hiru enpresa eraikitzaileri. Hala ebatzi du EAEko Auzitegi Nagusiak eta, Barrikako Udalak jakinarazi duenez, ez du helegiterik aurkeztuko, ezta enpresek ere.

Barrikabasoko gune babestuan daborduko eginda dauden hamalau luxuzko txalet legez kanpokotzat jo zituen 2009an Espainiako Auzitegi Gorenak, horien eraikuntza baimentzeko lurren kalifikazioa legez kanpokoa izan zelakoan. Interes paisajistiko handiko tokia da eta "babes bereziko gune" izendatua du Eusko Jaurlaritzak Barrikabaso; hortaz, ezin da lurrotan eraiki. 1998an, ordea, bertako hemeretzi hektareako eremuaren kalifikazioa aldatu zuen Bizkaiko Foru Aldundiak, Muriola eta San Telmo sektoreetan: lur urbanizagarri izendatu zituen, luxuzko 85 txalet eta babes ofizialeko hamabi etxebizitza eraikitzeko. Kalifikazioak ontzat hartzen zituen foru-agindua atzera bota zuten azkenean, eta horrek eragindako kalteengatik, Astarloa 91, Arne Muriola eta Abandonada Muriola enpresa sustatzaileek 24,6 milioi euroko kalte-ordaina eskatu zuten. Halere, Auzitegi Gorenak onartutako kalte-ordaina txikiagoa izan da: 1,5 milioi eurokoa, 230.631 euro Muriola sektoreko kalteengatik eta beste 1.290.033 euro San Telmokoengatik.  

Egoera horren aurrean, Onintze Oleaga EH Bilduko batzarkidea eta Asier Garcia koalizio abertzalearen Barrikako zinegotziak jakinarazi dutenez, Unai Rementeria diputatu nagusiari azalpenak ematea eskatu diote, sententzia "nola gauzatuko den" jakinarazteko. Halaber, gaineratu dute kalte-ordaina Barrikako Udalaren urtebeteko aurrekontuen zenbatekoaren parekoa dela, hau da, 1,5 milioi euro. Era berean, gogoratu dute proiektua 85 txaletentzako zela, "ingurua horientzat guztientzat urbanizatuta dago, eta hori guztia berreskuratu behar da eta dirua gastatu beharko da".

Auziaren aurrekariak

Barrikako Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Barrikabaso inguruko jabeakaz 349 txalet, hotel bat eta golf zelai bat eraikitzeko hitzarmen bat sinatu zuten 1990an lur-eremuaren ugazabakaz. Halere, urte bi lehenago Eusko Jaurlaritzak babestu beharreko gune izendatu zuen inguru hori, daukan paisaia-balioagatik. Udalak proiektua alde batean utzi zuen, behin-behinean. Halere, urte batzuk geroago lursaila birsailkatu eta 85 txalet eta babes ofizialeko hamabi etxebizitza eraikitzeko proiektua onartu zuen. Foru Aldundiak operazioa ontzat eman zuen. Horren aurrean, Txipio Bai talde ekologistak hori guztia salatu eta hiru sententziak birsailkatze hori legez kanpokotzat jo dute. Horiek denek eraikitako 14 txaletak botatzea onartzen zuten, baina ekologistek bestelako irtenbide bat bilatu zuten. Hala, Udalak eta talde ekologistak Barrikabaso babes bereziko gunea izendatzea adostu zuten, 2015eko akabuan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun