Jon Rahmek irabazi du PGA zirkuituko bere lehen txapelketa

Iker Rincon Moreno 2017ko urt. 31a, 18:20
Jon Rham, domekan. © STAN BADZ - PGA TOUR

Jon Rahm golf-jokalari barrikoztarra nagusitu da AEBko San Diegoko Torrey Pines zelaian jokatutako PGA Tourreko Farmers Insurance Openean. Rahmek bigarren itzuli bikaina egin zuen domekan, tartean sartutako kolpe ikusgarria 72. zuloan, eagle eginez. Barrikoztarrak "lortutakoaz harro" sentitzen dela azaldu zuen proba amaitzean: "amets bat betetzea modukoa da". Gaineratu zuenez, espero du "zaleek ospa dezaten eta baita nik poztasun gehiago ematea ere".

Bestalde, Kaliforniako kazetarien galderei erantzunez, Rahmek azaldu zuen ona dela ikasketak eta golfa bateratzea: "posiblea da golfean jokatzea, karrera bat ateratzea, kirolari handia izatea eta ni heldu naizen lekura heltzea. Ez da arinegi jokatu behar. Ikasi beharra dago; nork bere burua hezi behar du; ondo pasatzea ere beharrezkoa da. Izan ere, bizitza oso luzea da: ikasketak 22 urtegaz bukatu ditut eta oraindino bizitza osoa daukat aurretik".

Eguenean Farmers Insurance Opena abiatu aurretik, jokalari barrizkotarrak abisatu zuen "ilusioz jokatuko" zuela, "lehenengo postuetan geratzeko irrikaz", sariketa hori profesional gisa jokatuko baitzuen lehenengo aldiz. Aurretik egona zen, 2008an US Openean lehiatzen. Gainera, Torrey Pines zelaia AEBko "nabarmenetariko bat" dela azaldu zuen; aipatu zuenez, "Tiger Woods zortzi aldiz izan da hemen txapelduna". Atzokoan, Rahmek Tiger Woodsen marka bat berdindu zuen, azken zuloan eagle batez irabaztearena. Halere, San Diegora umiltasunez hurbildu zen gaztea, "hainbat kontu hobetu behar" zituela jakitun.

Jon Rhamen azken zuloa (© PGA TOUR)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun