Taloa eta txistorra dastatzeko eguna, Barrikan

Iker Rincon Moreno 2017ko ots. 17a, 10:30
Taloa dastatzeko aukera egongo da. EGIZU.

Hitzordu garrantzitsuz betetako hilabetea da oraingoa barrikoztarrentzat; San Blas Eguna, Agate Deunaren bezpera... Eta bariku honetan, hilaren 17an, Talo Eguna antolatuko dute. Ekimena Barrikako Emakumeen Hitza elkarteak prestatu du. Bertan, taloak egin, horiek dastatu eta sorpresa gehiago izango dituztela jakinarazi dute antolatzaileek. Den-dena Gure Ixerdia izeneko klubean egingo dute. Horregaz hitzordua arrastiko 07:30ean ipini dute, eta ekimen gastronomiko horretan parte hartu gura duten guzti-guztiak ekitaldira gonbidatu dituzte antolatzaileek.

Tostada onenaren bila

Horrenbestez, otsaila ekimenez beteriko hilabetea da; eta, aipatutakoez gainera, auzokide asko batzen dituen beste hainbat ekitaldi gelditzen dira oraindino. Horien arteko famatuena Tostada Lehiaketa izan daiteke. Aurtengoa bederatzigarren edizioa izango da, eta otsailaren 27an egingo dute. Horretan parte hartu gura dutenek hilaren 25a baino lehen izena eman beharko dute, eta euren proposamenak lehiaketa eguneko arrastiko 06:00ak baino lehenago aurkeztu beharko dizkiete epaimahaikideei.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun