Sutea Berangon eta Sopelan

Sutea itzaltzen saiatzen dabiltza Berangon eta Sopelan

Iker Rincon Moreno 2015ko abe. 27a, 22:41

Gaur arrastian hainbat sute piztu da Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) udalerrietan. Dirudienez, Berangokoa da larriena; Palaparru bidean, Muñarrikolandan, SOS Deiak zerbitzuak zehaztu duenez. Sopelara zabaldu da eta indarrean dago oraindino. Ondorioz, Unbe gaineko errepidea moztu behar izan dute; baita etxebizitza bat hutsarazi ere.

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak adierazi duenez, toki gehienetan sastraka-guneetan hasi dira suteak; suhiltzaileak horiek amatatzeko lanean dabiltza. Hala ez dute guztiz erraz edukiko; Eusko Jaurlaritzaren Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak abisu horia ezarrita dauka domeka honetarako EAEn haizeagatik, 18:00etatik 24:00etara. Halaber, baso-sute arriskuagatik ere abisu horia emanda zeukan. Baso-sute arriskua altua omen da EAEn bereziki Kantauri isurialdean, tenperatura altuagatik, haizearen intentsitateagatik eta hezetasun erlatibo baxuagatik.

Sutea Leioa

Uribe Kosta eskualdeari dagokionez, Leioan ere jazo da sua, 18:00ak inguruan, Artatza auzoko baserri batetik gertu; sutearen zergatiak ikertzen dabiltza. Bertaraino hurbildu dira udaltzainak eta suhiltzaileak; badaezpada baserriko bizilagunak atera dituzte eta ordubete baino apurtxo bat gehiagoan sua amatatuta zeukaten.

Abisua haizeagatik

Eusko Jaurlaritzaren Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak abisu horia ezarri du domeka honetarako EAEn haizeagatik haizeguneetan, 18:00etatik 24:00etara. Hego/hego-ekialdeko haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete haizeguneetan, bereziki ekialdean. Haizeguneak ez diren lekuetan haize-boladak 60-80 km/h ingurukoak izango dira, bereziki ekialdean. Azken orduetan haizea indartu egingo da.

Astelehenari dagokionez (abenduak 28), ostera, alerta laranjara arte areagotuko da egoera 00:00etatik 15:00etara, haizeguneetan izango den haizeagatik. Hego/hego-ekialdeko haize-boladek 120 km/h-ko abiadura gaindi dezakete haizeguneetan, bereziki ekialdean.

Bestalde, bere horretan mantentzen da abisu horia haizeguneak ez diren tokietan egongo den haizeagatik, 00:00etatik 15:00etara. Hego/hego-ekialdeko haize-boladek 80 km/h-ko abiadura gaindi dezakete haizeguneak ez diren lekuetan, bereziki ekialdean non 90 km/h ingurukoak izan daitezkeen.

Gainera, 15:00etatik 21:00etara hego-osagaiko haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete haizeguneetan, bereziki ekialdean. Aldiz, haizeguneak ez diren lekuetan haize-boladak 60-80 km/h ingurukoak izango dira, bereziki ekialdean.

Azkenik, baso-sute arriskuagatiko abisu horiak ere indarrean jarraituko du 00:00etatik 21:00etara.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun