Sutea Berangon eta Sopelan

Denera 200 hektarea inguru erre dira, Berangon eta Sopelan

Iker Rincon Moreno 2015ko abe. 29a, 16:00

Azkenean, suak erretako eremu osoa 200 bat hektareatakoa izan dela ondorioztatu du gaur Bizkaiko Foru Aldundiak, atzo 120-130 izan zitezkeela uste arren. Kiskalitako eremuaren alde zabalena, %70 inguru, Berangoko lurretan dagoela jakinarazi dute; gainontzekoa, Sopela aldekoa da.

Atzo, gauerdia hurbil zela, Twitter bitartez zabaldu zuten Bizkaiko Suhiltzaileek Berangoko baso-sutea amatatuta zegoela, lanak antolatzeko Aginte Postu Aurreratua kendu zutela eta, badaezpada zaintza-baliabide batzuk baino ez zituztela utziko jagoten, badaezpada ere, sua berrisiotu ez zedin.

Iluntzean egindako euri apurra eta haize-boladen indarra asko txikitzea lagungarri izan zitzaien suhiltzaileei suagaz erabat amaitzeko. Izan ere, arrastiko haize-bolada bortitzek suhiltzaileen eta baso-lanetako beharginen eginbeharrak asko zaildu zituzten, eta oso adi eta kontuz ibiltzera behartu; sua kontrolpean izan arren, amatatzea ez baitzuten lortu arrastian. Goizean Nafarroatik eta Kantabriatik heldutako Ministerioaren ur-hegazkinen laguntza benetan erabakiorra izan zelan onartu dute. Arrastian, sutearen garrantzia nabarituta, Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Remanteria ere hurbildu zen Aginte Postu Aurreratura.

Atzo gauerdian sua itzalitzat jo bazuten ere, gaur goizean Basalanen talde bik (seina langilegaz) sutea gertatutako hainbat eremutan jardun dute, zaintzan eta ura botatzen.

Gaur goizean baieztatu dute, azkenean, guztira 200 hektarea inguru kiskali zituela suak. Fronte nagusi bi izan zituen: bata, nagusia, Berangon, hiru bat kilometroko zabalera izatera heldu zena; bestea, askoz txikiagoa, Sopelan.

Bizkaiko Aldundiaren Nekazaritza zuzendari nagusi Lucia Isla algortarrak Radio Euskadin egindako adierazpenetan, "suhiltzaileen eta jendearen lana" goraipatu du eta ohartarazi du: "hidrohegazkinen ikusgarritasuna alde batera utzita, jendearen lanik gabe ezinezkoa litzateke sua itzaltzea”. 50 bat suhiltzailek eta Basalan foru sozietate eta mendi-zerbitzuaren 70 bat lagunek jardun dute Berangoko baso-sutearen amatatze-beharretan.

Sua zerk eragin zuen oraindino ez dutela zehaztu ere argitu du Islak, eta orain ikerketa abiatu eta txostena egingo dutela azaldu du; ez du hipotesirik baztertu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun