Sutea Berangon eta Sopelan

Baso-sutea amatatzen lagundu duten guztiei esker ona adierazi die Berangoko alkateak

Iker Rincon Moreno 2015ko abe. 31a, 11:55
Sutea amatatuta. © Bizkaiko suhiltzaileak.

Anabel Landa Berangoko alkateak bere esker onik "beroenak eta handienak" adierazi gura izan die iragan domekan hasi eta atzo berrisiotu zen Berangoko baso-sutea amatatze-beharretan jardun duten lagun guztiei. Horien artean, Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileak, basozainak, Basalan foru sozietateko beharginak, Ertzaintza, Berangoko Udaltzaingoa eta Udaleko brigadako langileak goraipatu ditu; "euren lana funtsezkoa izan da". Era berean, ur-hegazkinen parte-hartzea "oso garrantzitsua" izan zela onartu du. Horrez gainera, Berangoko auzokideak gogoan hartu ditu alkateak, egoera "lasaitasunez" hartu dutelako.

Atzo, eguaztena, itzali zituzten Berangoko udalerrian arrastian berrisiotu ziren bi suteak. Baso-sutea domekan abiatu zen eta astelehen gauera arte iraun zuen. Atzo arrastian, haizeak berrisiotu zituen garrak bi eremutan, industrialdearen eta etxebizitza baten ondoan. 16:30ean, zelatan zebilen basozain batek ikusi zuen sute txiki bat eta horren berri eman zuen.

Guztira, suak erretako eremu osoa 200 bat hektareatakoa izan dela ondorioztatu du Bizkaiko Foru Aldundiak. Kiskalitako eremuaren alde zabalena, %70 inguru, Berangoko lurretan dagoela jakinarazi dute; gainontzekoa, Sopela aldekoa da.

Anabel Landak jakinarazi duenez, Berango aldeko suteak baso eremuan izan du eragina soilik. "Egon den lana eta koordinazioari esker, etxebizitzetan ez da kalterik egon", azaldu du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun