Italiara trukean joateko ekimena antolatu dute Berangon

Iker Rincon Moreno 2016ko ira. 19a, 16:56
Arona herriko irudi panoramikoa. ALESSANDRO VECCHI

Berangoko eta inguruko herrietako 10 gazte Italiako Arona herrira joateko truke-bidaia antolatu du Berango Gazte Mahaiak. Egonaldia Italiarako Trukean izeneko egitasmoaren barruan kokatu dute; hala, parte-hartzaileak hilaren 25etik urriaren 2ra arte egongo dira bertan. Horretan parte hartzeko, bihar arte, irailak 20, dago izena emateko epea mesajovenberango@gmail.com helbidera mezu bat bidaliz.

Antolatzaileek azaldu dutenez, ideia da Arona herriko zein inguruko gazteakaz erlazionatuta dauden elkarte, enpresa eta proiektuetan murgiltzea eta ezagutzea. Ekimena 18 eta 30 urte arteko neska-mutilei zuzenduta dago eta 120 euroren truke, hegaldiak, aterpea, janariak eta irteerak barne izango dituzte.

Egitaraua

Domekan, hilaren 25ean, hegazkina hartu eta Italiara joango dira eskualdeko gazteak. Hurrengo egunean, astelehenean, Vedogiovane eta Spacio Vigi elkarteen egoitzak bisitatuko dituzte, euren egitekoak ezagutu eta bertako kideakaz eztabaidatzeko. Martitzenean, Biellan topaketa egingo dute SellaLab, Socializers eta Biellako kultura sustatzeko elkarteagaz. Eguaztenean, berriz, Youthpass Advisory Group-eko kide bategaz tailer bat egingo dute. Eguenean, hilaren 29an, Maggiore lakua bisitatuko dute, baita Stressa ere. Barikuan, ordea, gazte talde batek kudeatutako Wood izeneko espazioa ezagutu eta Occhiaperti bisitatuko dute goizean. Arrastian, berriz, Milanen dagoen Impact Hub ezagutzera joango dira, besteak beste. Azkenik, urriaren 1ean, zapatuan, “Social networks-ak proiektu pertsonal eta profesionaletan” izeneko tailerrean parte hartzeko aukera izango dute. Horren ondoren, urriaren 2an, domekan, hegazkina hartu eta gurera bueltatuko dira gazteak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun