Europako atletarik onenak izango dira zapatuan Berangon

Iker Rincon Moreno 2016ko ira. 28a, 09:49
Martitzenean aurkeztu zuten Berangoko Milia.

Berangoko Nazioarteko Miliaren 29. edizioa jokatuko da zapatu honetan, urriak 1, Gobelaldeko zirkuituan. 16:20tik aurrera korrika egingo dute ehunka atletek, nazioarteko izarrakaz batera.

Lerro hauek idaztean, daborduko 286 pertsonak izena eman dute zapatuan zirkuituko 1.609,344 metroak betetzeko, nork bere kategorian. Horretarako, eguena izango da epemuga. Inskripzioa Berangoko Atletismo Taldearen webgunean eta Turesultado.es atarian egin daiteke, doan. Halere, Juan Pablo Arnedo Berangoko Udalaren idazkariak aurreratu duenez, antolatzaileek 300-320 atleta besterik ez dituzte onartuko, antolaketa-lanak ez zailtzeko. Hala, garrantzitsua da izena ahalik eta lasterren ematea. Agian horregatik, martitzenean, kirolzaleek kolapsatu zuten Berangoko klubaren zibergunea.

Berangora ikustera joango denak, zeruan baino izar gehiago aurkituko ditu Berangon. Elite kategorian, Rion edota Londresen lehiatutako hainbat atleta olinpikok parte hartuko du: Sofia Ennaoui poloniarra, Isabel Macias Chow aragoitarra, Esther Guerrero Puigdevall katalana, David Bustos González balearra, Kevin López Yerga eta Luis Alberto Marco Contreras andaluziarrak, eta abar. Era berean, Amsterdameko Europako Txapelketako 10 parte-hartzaile izango dira, tartean Ilias Fifa Temsamani eta Adel Mechaal Mechaal 5.000 metroko txapelduna eta txapeldunordea. Era berean, Berangoko iazko txapeldunak izango dira: Solange A. Pereira Da Ponte eta Carlos Alonso García. Gutxienez, nazioarteko eta Euskal Herriko goi-mailako 33 atleta onenetarikoak izango dira elite kategorian. Aurten, elite mailan belaunaldi-aldaketa hasi dela igarriko da Milian.

Saria Espainiatik

Pasa den urtarrilean, Espainiako Atletismo Federazioak Estatu espainiarreko miliarik oneneko saria eman zion Berangoko Miliari. Hainbat urteren eta ahaleginen ostean lortutako errekonozimendu hori ez galtzeko asmoa erakutsi du Josu Hernandez Berangoko Atletismo Taldeko presidente eta Miliako koordinatzaileak. Gogora ekarri duenez, Milia urte biz rankingeko laugarrena izan zen, beste biz hirugarren eta azkenean urte batez lehenengoa: “helburua errepikatzea da”, azaldu zuen. Eskerrak eman zien babesle eta laguntzaile denei, baina bereziki “klubeko kide guztiei”.

Berangoztarrak Miliaren aurkezpenean azaldu duenez, nazioarteko elitea Berangora ekartzearen funtsa “oinarri kirola bultzatzea da”. Era berean, horri esker, Berango Atletismo Taldeak (BAT) hazten segitzen du: “pasa den ikasturtean, eskola kirolean 110-112 ume geneuzkan, eta aurten, berriz, badira 150-160. Horiei federatutako beste 60 kide daude” Berangoko elkartean.

Hernandezek hiru kezka ditu zapatuari begira. Premiazkoena, eguraldia: 19 gradu iragarri dituzte, tenperatura ona korrika egiteko, baina baliteke euria egitea. Beste bat oihartzun mediatikoa zen: “litekeena da Milia Bilboko Kale Nagusian egingo bagenu askoz eragin handiagoa lukeela, baina harro gaude Berangon egiteaz eta Berangon segituko dugu”, argitu du. Halere, kazetariei lasterketari bozgorailua eman diezaioten eskatu die. Hirugarren kezka aurrekontua da; aurten 40.000 euro izango dute, iaz baino %17 gutxiago.

Futbolaz aparte

Bestalde, Hernandezek atletismoa bultzatzeko eskatu die komunikabide eta erakunde denei, eta ez bakarrik futbola. Izan ere, Berangoko Atletismo Taldeko presidenteak gogora ekarri duenez, “atletismoa oinarrizko prestakuntza da edozein kirol egiteko. Korrika egitea, koordinazioa hobetzea, arnasten ikastea… Dena ematen du atletismoak”. Hala, mezu zuzena bidali die gurasoei neska-mutilei atletismoa probatzen uzteko. Izan ere, maila profesionalean errugbian, futbolean edota Heziketa Fisikoan lan egiten duten hainbat profesional atera dute BATetik. Dena den, kirolariak baino “pertsonak heztea” ipini du helburu.
Maria Isabel Landa Berangoko alkateak onartu duenez, proba mantentzea ez da erraza: espero dugu mantentzea, nahiz eta aurten justu gabiltza diruagaz”. Halere, eskertu egin du Miliak herriari egiten dion ekarpena eta kontziente da “beste udalerri batean kokatuta balego seguru aski eragin eta oihartzun handiagoa” izango lukeela. “Gu oso harro gaude herrian horrelako proba izateaz”.

Hernandezegaz eta Landagaz ados dago Jose Mari Sanz Bizkaiko Atletismo Federazioaren presidentea. “Erabat harro gaude kirola babesten duten Berango bezalako udalerriak izateagatik”, azaldu du. Era berean, Miliaren nortasun integratzailea nabarmendu du, adin denak, gizonezkoen eta emakumezkoen kirola eta baita kirol paralinpikoa dena proba berean batzeagatik. Diru kontuei dagokienez, akordura ekarri zuen “egoera zailean gaudela, egoera ekonomikoa ez da lagungarria, baina gu hor segituko dugu”. Gainera, datozen urteotan Aldundiaren diru-ekarpenak handiagoak izango direla agindu zuen: “egoera hau aldatuko da”.

Juan Pablo Arnedo Berangoko Udalaren idazkariak gogorarazi duenez, bost ildo dira Miliarik onena izateko baloratzen direnak. Lehenengoa antzinakotasuna da; Berangokoa Estatu espainoleko 6. zaharrena da. Bestalde, puntuatzen da proban lortzen diren markak, eta Gobelaldeko bihurgune biek eragiten dute beste proba batzuetan baino 8-9 segundo atzerago geratzea. Kontuan hartzen den hirugarren datua atleta-kopurua da;  kategoria horretan lehenengoetariko bat da Berangoko Milia, baina antolakuntza- eta segurtasun-arrazoiek bultzatuta 300-320 parte-hartzailetara mugatzea erabaki dute. Laugarren aldagaia antolakuntza-ahalmena da: horretan nagusi da Berango, arautegia zorrotz beteta, gainera. Puntuak metatzeko azken atala, elite mailako atleten curriculuma da. Horretan ere, ahalegindu handia eiten du Berangoko Atletismo Taldea: “ekarri dute ekar daitekeen onena, bakarrik faltako dira emakume eta gizon pare bat nazioarteko atletismoan dagoen onena ekartzeko”.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun