Lidl kateak ere Berangon egon gura du

Iker Rincon Moreno 2016ko urr. 6a, 17:15
Obrak, Munarrikolandatik ikusita.

Apurka-apurka, itxura hartzen hasi da Berangoko merkatalgune berria izango dena. Izan ere, azken hilabeteotan hondeamakinen presentzia nabaria da Landaida Goikoko gunean, hara eta hona dabiltza, azpiegitura komertzial berria eraikitzeko lanetan.  84.000 metro koadro izango ditu guneak; horietako 24.500 metro koadro berdeguneak eta aparkalekuak izango dira; beste 50.700 metro koadroetan eraiki ahal izango da. Daborduko, euren saltokia bertan ezarri gura dutela adierazi dute Mercadona supermerkatu-kateak eta Decathlon kirol-produktuen dendak, baita horretarako eskera egin ere. Eta, oraintsu, Lidl supermerkatu-kate alemaniarrak ere horretarako interesa agertu du.

Lidl-eko Komunikazio saileko kide Matías Buenok baieztatu egin du "proiektu hori aurrera doala"; halere, "oso hasierako fasean" dagoela azaldu du. Bere aldetik, Anabel Landa Berangoko alkateak jakinarazi duenez, "Mercadonak eta Decathlonek publikoki azaldu dute Berangon ezartzeko gura, eta eskaera eginda dute jada; une honetan ez dago bestelako lizentzia eskaerarik. Hala ere, badakigu beste hainbat enpresek interesa daukatela".

Berangoko Udalak Landaida Goikoa sektorea garatzeko urrats berria eman zuen iaz udalerriko inguru horren Plan Partziala onartu ostean. Hala, bertan ezarri gura duten ekimen guztiak martxan ipini ahal izango dira. Mercadona izango da bertan ezarriko den lehena, 1.500 metro koadro hartuko ditu eta "40 lanpostu sortuko ditu"; Decathlonek, "80 lanpostu ekarriko ditu udalerrira".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun