Aurtengo Euskadi Literatura Sariak banatu dituzte

Iker Rincon Moreno 2016ko aza. 18a, 12:36
Uranga (bigarrena eskumatik) atzoko ekitaldian. IREKIA - EUSKO JAURLARITZA

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak emandako 2016ko Euskadi Literatura Sariak banatu zituen atzo Iñigo Urkullu lehendakariak; Donostiako San Telmo museoan egin zuten ekitaldia, arrastian. Besteak beste, Mitxelko Uranga berangoztarrak irabazi du Euskarazko Saiakera saria, "Tartaroa. Mina, boterea eta egia" liburuagaz.

Aurtengo edizioan, hauek izan dira Euskadi Literatura Sarietan egile eta lan sarituak:

  • Euskarazko literatura: Luis Garderen (Iruñea, 1961) "Ehiztariaren isilaldia".
  • Gaztelaniazko literatura: Gabriela Ybarraren (Bilbo, 1983) "El comensal".
  • Euskarazko haur- eta gazte-literatura: Uxue Alberdiren (Elgoibar, 1984) "Besarkada".
  • Euskarazko literatura-itzulpena: Xabier Olarra (Tolosa, 1953), James Joyceren "Ulises" itzulita.
  • Literatura-lanaren ilustrazioa: Mikel Casalen (Donostia, 1965) "Así es la dictadura".
  • Euskarazko saiakera: Mitxelko Urangaren (Berango, 1978) "Tartaroa. Mina, boterea eta egia".
  • Gaztelaniazko saiakera: Fernando Mikelarenaren (Bera, 1962) "Sin piedad. Limpieza política en Navarra, 1936".

Lehendakariaren ustez, horiek denak "erreferentziako eredua" dira gizarte honentzat, euren etorkizunerako begiradan sormena eta berrikuntza zabaltzearen alde egiteagatik. Era berean, saritutako lanen "garrantzi soziala" nabarmendu zuen. Izan ere, neurri handi batean bat datoz indarkeriak eta terrorismoak egileen bizitzetan izan duen inpaktua zuzenean edo zeharka tratatzean. "Obra horiek denek literaturaren eta pentsamenduaren ekarpena osatzen eta eguneratzen dute, memoria eta dolua prestatzeko espazio gisa", erantsi zuen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun