Politika  Berango 2016-12-14 17:47

Berangoko Udalbatzak 6,5 milioi euroko aurrekontuak onartu ditu 2017rako

Berangoko Udalbatzak 2017ko aurrekontuak onartu zituen atzo, EAJ, PSE-EE eta PPren aldeko botoakaz; EH Bilduk, DBk eta talderik gabeko zinegotziak proposamenaren kontra bozkatu zuten. Hala, Berangoko Udalak 6.719.537 euroko aurrekontua izango du datorren urteko gastuetarako. Aurrekontu horiek, gainera, Gobernu-taldeak aurkeztutako eta atzo onartutako zuzenketa bat darama, herritarren iniziatibetarako 63.000 euroko diru-partida hartzen duena, alegia.

Berangoko Udalbatzak 6,5 milioi euroko aurrekontuak onartu ditu 2017rako
Sabino Arana kalea urbanizatzeko diru-partida onartu dute. | Ikusi handiago | Argazki originala

Azken neurri horregaz, Udalak herritarren parte-hartzea bultzatu gura izan du, herritarrek administrazio publikoaren kudeaketan parte har dezaten. Hala, Anabel Landa Berangoko alkateak zehaztu duenez, onartutako aurrekontuek herritarrek aurkeztutako proposamen guztien "%65 hartzen dituzte". Guztira, udalerriko 25 auzokidek 44 proposamen egin dituzte, eta horietatik hiruk ez omen zeuden "Udalaren eskumenaren barruan", eta beste lauk ez zuten Berangoko aurrekontu orokorragaz bat egiten, Landak zehaztu duenez.

Bestalde, aurrekontuokaz bi ekintza nabarmendu dituzte: Arebetas eta Sabino Arana kaleen urbanizazioak. Horietarako 3.500.000 euro bideratuko dituzte eta altxortegiaren soberakinakaz exekutatuko dituzte.

Horren harira, aurrekontuen kontra bozkatu zuten alderdiek uste dute hainbat proiektu "ez dira lehentasunezkoak", hala nola "estalitako padel pistak edo skate-parkearen berregituraketa". Horrez gainera, EH Bilduk adierazi zuen lehentasun gehiago duela "eskola publikoa estaltzea".

Bestalde, Denok Baterak adierazi zuen bere taldeak "ez duela bat egiten" aurrekontuen proposamenagaz. Gainera, talde horrek zuzenketa bat aurkeztu zuen, baina ezin izan zuten bozkatu, "ez zuelako araudia betetzen", alkateak azaldu zuenez.

Talderik gabeko zinegotziak, bere aldetik, osoko zuzenketa bat aurkeztu zuen, baina ez zuten onartu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa