Ekonomia 2004-09-23 00:01

Baliteke mobilizazioak egitea Leioako campuserako autobus gidariek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Bizkaibus zerbitzuen ardura daukan Transportes Colectivos, SA enpresako langileek ez dute baztertzen mobilizaziorik egitea, EITB24 webguneak jakinarazi duenez. Izan ere, gaurtik aurrera, Leioako EHUko campusera doazen autobusan berregokitzea da, Bizkaiko Foru Aldundiak aginduta, eta bost enpresari eragingo dio. Ordurik jendetsuenetan ez da aldaketarik izango, bai ordea, horietatik kanpo. Hala ere, murrizketa itzela egongo dela uste dute TCSA konpainiako beharginek eta jende gehien ibiltzen den orduetatik kanpo ere izaten dela bidaiaririk esan dute. Gainera, azaldu dutenez, "Leioara iristea zaila dela eta zerbitzu murrizketak kalte egingo du". Ikasle sindikatuekin batzartu ziren joan den ostiralean, eta aste honetan beste hainbat bilera egingo dituzte euren artean, zer egin erabakitzeko.
  Ekonomia 2004-09-17 00:30

Zauritutako bi ertzainen 300 lankide elkartu dira Erandion horrelako gertaerak saihesteko segurtasun neurriak eskatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri ELA Ertzaintza, ErNE eta SIPE sindikatuetako 300 bat ordezkarik elkartu dira gaur goizean Erandio-Landako polizi etxearen aurrean, atzokoa bezalako istripuak gerta ez daitezen, euren lanean segurtasun neurri handiagoak har daitezela exijitzeko. Atzo, 8:30ak baino minutu batzuk lehenago BI-637 errepidean gertatutako auto-istripua argitzen ari zirela, larri zauritu ziren bi polizia agente, lehendabizi auto batek, eta jarraian furgoneta batek harrapatuta. Europa Press agentziari egindako adierazpenetan, Polizia Autonomoko lantaldearentzako prebentzio plan zehatza eskatu du Jose Maria Lazarguren ELA-Ertzaintzako arduradunak. "Lan-osasun eta segurtasun arloetan, gainontzeko langileei ematen zaien trataera berbera" exijitu du ertzainentzako. Halaber, bestelako enpresetan lan-istripua dagoenean bezala, oraingoan ere ikerketa egin beharko litzatekeela adierazi du.
  Ekonomia 2004-09-10 23:45

Zorrak daudenik ukatu du Getxoko Udalak, PPk egindako salaketei erantzunez

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Kobratu beharreko kopuru handiak daudenik gezurtatu eta diru-bilketan lortutako emaitzak "oso positibotzat" jo ditu EAJ, EA eta Ezker Batua alderdiek osatzen duten Getxoko udal gobernu batzordeak. Adierazpen horien bidez, gaur bertan PPk egindako salaketei erantzuna eman nahi izan diete erakundeko ordezkariek. "Dirua barra-barra bota eta udalerria pobretzea" ez ezik; zor, tasa eta zergei dagokienez, igaz 8,22 milioi euro kobratzeke uztea egotzi diote Getxoko Udalari popularrek.
  Ekonomia 2004-09-06 23:17

Berangoko enpresako langilea zauritu da, eskorga jasotzaile batek zangoa harrapatzean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Berangoko enpresa bateko langilea zauritua gertatu da, gaur goizean, "Fenwick" markako eskorga jasotzaile batek zangoa harrapatu dionean. Istripuaren ondorioz, pronostiko erreserbatuko zauriak izan ditu JA.A.G. 58 urteko sopeloztarrak.
  Ekonomia 2004-09-03 23:37

"Lan-jazarpena" salatu du Getxoko Udaleko UGTko ordezkariak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri "Lanean zein maila sindikalean eta pertsonalan jazarpena" pairatzen ari dela adierazi du Andoni Casado UGT sindikatuko ordezkariak Getxoko Udalan. Besteak beste, Arartekoari igorritako prentsa oharraren bidez, "inolako argibiderik jaso gabe" udaletxean burutzen zituen hainbat lanetatik kendu dutela azaltzen du. Casadok ordenantza lanak egiten zituen protokolozko hainbat ekitalditan eta ezkontza zibiletan. El Correori egindako adierazpenetan, Iñaki Zarraoa alkateak aipatu duenez, atezaintza arduradun bezala egiten zituen lan horiek UGTko arduradunak. "Baina jada kargu hori ez daukanez, ez dagokio protokolozko ekitaldien eta ezkontza zibilen ardura". Hala ere, "etorkizunean berrantolaketaren bat egitekotan" Casado betebehar horietarako berriro hartzea ez du baztertzen Zarraoak.
  Ekonomia 2004-08-13 21:43

Correoseko Algortako bulegoko langilea hil da banaketa egiten izandako moto-istripuan jasandako zaurien ondorioz

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri José Ignacio Sánchez Conde Correoseko Algortako bulegoan motoarekin posta banatzen zuen langilea hil zen joan den astelehenean, uztailaren 16an ohiko banaketa egiten ari zela izandako istripuan jasandako zaurien ondorioz, ordezkari sindikalek jakinarazi dutenez. ELA, CCOO, UGT, LAB eta ESK sindikatuek sinaturiko agirian, Correosen motoarekin banaketa egiteak gaur egun dakarren arriskua azpimarratu dute langileen ordezkariek, eta Zuzendaritzak ondorio horiek behar beste baloratzen ez dituela salatu dute.
  Ekonomia 2004-07-12 21:23

Enplegu Plana garatzen ari dira Erandion

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ean indarrean sartuko litzatekeen enplegu-plan berria prestatzen dihardu Erandioko Udalak. Hain zuzen ere, emakumeak eta oinarrizko errenta jasotzen duten auzotarrak laneratzea izango litzateke egitasmoaren helburua. Horretaz gain, inguruko enpresek behar dituzten langile-profilaren arabera, egokia den trebakuntza emango diete langabetuei.
  Ekonomia 2004-07-09 19:17

Leioako Ibarrabarri enpresa-gune berrian 450 lagunek egingo dute lan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Besteak beste, Idoia Zenarruzabeitia EAEko lehendakariordeak eta Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak parte hartu zuten atzo goizean, Leioako Udondo auzoan, Ibarrabarri enpresa-guneko inaugurazio ekitaldian. 55 mila metro koadroko azalera duen enpresa-guneak "herria egiteko bidea adierazten duen egitasmoa da", Zenarruzabeitiaren hitzetan, "garapen jasangarria eta elkarrizketa bezalako kontzeptuak uztartzen baititu". "Amets" hori abian jarriz, bizitzeko ez ezik, lan egiteko ere herria badela Leioa argi geratu da, lehendakariordeak adierazi duenez. Hala ere, ez dira guztiak ospakizunak izan. ELA eta LAB sindikatuek deituta, bertan elkartu ziren Leioako udaletxeko langileak Udalari lan-hitzarmena negoziatzeko eskatzeko.
  Ekonomia 2004-07-05 23:02

"Getxo ekinean" aurkeztu da langabetuei merkatuan sartzeko erraztasunak emateko

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxoko langabetuei lan merkatuan sartzeko erraztasunak emateko jaio berri den "Getxo ekinean" izeneko egitasmoa aurkeztu du gaur Getxoko Udalak. Udalak berak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Europako Fondoak finantzatutako 625 mila euroko aurrekontua du "Getxo Aktibak". Ekimen berria, aurretik martxan jarritako "Enplegua indartzen" eta "Enplegua indartzen plus" egitasmoen jarraipena da eta bi horien bitartez lortutako esperientzia eta ezaguerak erabiltzeko asmoarekin jaio da, bai erabilitako lan era baita merkatuari buruz batutako informazioa ere. Enplegu munduan sartzeko erraztasunak eman eta enpresa ekimenak sustatzea da helburua.
  Ekonomia 2004-07-05 22:59

Langile bat zauritu da Gorlizen aldamio batetik lurrera erortzean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Langile bat zauritu da gaur eguerdian Gorlizen lanean ari zela, bi metro eta erdiko altueran zegoen aldamio batetik lurrera erortzean, DYAk jakinarazi duenez. Lan istripua 12:55ean gertatu da, Gorlizko Itxas Bide kalean, argitu gabe dauden arrazoiengatik langilea erori denean. DYAren anbulantzia bat ezbeharraren tokira joan da eta Gurutzetako Ospitalera eraman du zauritua, Bilboko auzokidea den 27 urteko A.U.C. gizonezkoa, alegia.
  Ekonomia 2004-06-30 18:25

Leioako udaletxeko langileak greban

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Leioako udaletxeko eta erakundeetako langileok zera jakinarazi nahi dizuegu. Lan-hitzarmena negoziatzeko aukera eza dela eta, eta itxurazko negoziazio mahaian gure aldarrikapenei inongo erantzunik ez dagoenez, ekainaren 30ean eta uztailaren 1ean greba egitea beste aukerarik ez digute utzi. Egoera honen erruduna negoziazioari uko egiten dionarena da eta ez beste inorena, dekretoaren bitartez, bere langileei lan-baldintzak ezartzen dizkionarena hain zuzen ere. Gainera, ez da berria oraingo egoera. 2002an ere hitzarmena negoziatzeke geratu baitzen, alderdi politikoek hartu zuten erabakiak EUDELen ordezkaritza kolokan utziz eta sektoreko gehiengo sindikalari mespretxua erakutsiz.
  Ekonomia 2004-06-21 21:53

Getxoko "Enplegua Indartzen Plus" programan izan direnetatik erdia dago lanean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxoko Enplegua Sustatzeko Udal Zentrua-Behargintzak, "Enplegua Indartzen Plus" ekimenaren barruan antolatutako ikastaroetan parte hartu dutela egiaztatzen duen diploma jaso dute 93 lagunek gaur goizean. Getxoko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Europako Gizarte Fondoak finantziatu eta sustaturiko programa da, eta bere helburu nagusia enplegu-hobi berrien eremuan udalerriko langabetuen laneratzea erraztea da, bai inoren konturako lanean baita nork bere lana sortzeko esparruetan, Jose Manuel Etxebarria Ekonomia eta Giza Baliabide zinegotziak gogoratu duenez. Ikastaroetan izan direnen 93 lagunetik 49 lanean dira gaur egun.
  Ekonomia 2004-06-18 15:25

ELA eta LABeko kideei udaletxera sartzea eragotzi die Leioako alkateak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Karmelo Sainz de la Maza alkatearen aginduz, Leioako udaletxeko ateak itxi zitzaizkien atzo kanpoaldean kontzentratuta zeuden ELA eta LAB sindikatuetako langileei. "Aurreko egunetan izandako arazoengatik" hartu zuen erabakia udal mandatariak. Bere hitzetan, "legez kontra jokatzen ari dira, gainontzekoei askatasun osoz lan egiten ez dietelako uzten eta, gainera, behar bezalako arreta ezin izan diegu eman hainbat auzotarrei". ELAko bozeramale batek "probokaziotzat" jo zuen udaletxera sartzen utzi ez izana.
  Ekonomia 2004-06-08 23:56

Lanuzteekin jarraituko dute aste honetan udal administrazioko langileek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri ELA eta LAB sindikatuek gaur adierazi dutenez, aste honetan zehar lanuzte gehiago izango dira EAEko 33 udalerritan eta Bizkaiko Foru Aldundian, udal eta foru administrazioetan hitzarmenaren negoziazioa bultzatzeko. Besteak beste, Uribe Kosta eskualdeko Getxo, Leioa, Berango eta Gorliz herrietan egingo dira protestak.
  Ekonomia 2004-06-04 22:20

Getxoko Auzolan programan parte hartzen dutenen %60ak lanpostua mantentzen du

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Auzolan Trebakuntza Programan parte hartzen duten lagunen ehuneko 60 batek prestakuntza amaitu ondoren bere lanpostua mantentzea lortzen du, Iñaki Zarraoa Getxoko alkateak prentsaurrekoan emandako datuen arabera. Eusko Jaurlaritzak bultzatu eta diruz lagundutako egitasmoa hau udalek eramaten dute aurrera. Lan munduan sartzeko zailtasun handiak dituzten pertsonen bergizarteratzea du helburu. Denbora luzean lanik gabe eta desmotibata dauden lagunak izaten dira gehienetan, famili egoera zailean eta oinarrizko errenta baino ez baitaukate.
  Ekonomia 2004-06-02 22:00

Garapen Agentzien Euskal Elkarteko kide berria da Getxoko Behargintza

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 'Behargintza' Getxoko Udaleko Enplegu eta Garapen Ekonomikorako Zentroa Garapen Agentzien Euskal Elkarteko (GARAPEN) kide berria da. Elkarte honek tokian tokiko 20 agentziak osatutako asistentzia sarea dauka dagoeneko. Iñaki Zarraoa alkateak eta Marcos Muro 'Garapen'eko presidenteak sinatu dute hitzarmena gaur Getxoko Udaletxean bertan. Agentzien, Udalen eta Behargintzen elkarte bat da 'Garapen' eta udalerri zein eskualdeetan tokiko garapena sustatzeko helburua du.
  Ekonomia 2004-05-20 23:47

Getxo 2004-2007 Enplegurako Plan estrategikoa onartu da

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxoko Gobernu Batzarrak Enpleguari buruzko Plan Estrategikoa 2004-2007 onartu berri du. Egitasmo horren bidez, ekonomia arloko baliabideak, udalerriko herritarren gaitasunak eta orokorrean gizarte osoarenak aprobetxatu nahi dituzte, garapen ekonomiko iraunkorra sustatzeko. Helburu horrekin, Getxoko Udalak jarduteko zeharkako bideak eta ildo estrategiko nagusiak proposatuko ditu. Lau urteko egitasmo honetarako 7.600.000 bat euroko aurrekontua aurreikusten da.
  Ekonomia 2004-05-20 23:47

Bi emakume "bidegabe" kaleratu izana salatu dute Getxoko Cespako langileek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Bi langile "legez kontra" kaleratuak izan direla salatu du gaur Getxoko Cespako barrualdeetako langileek osatzen duten enpresa batzordeak. Horrelako erabaki bat hartzeko "inolako arrazoirik ez" dagoela adierazi dute. Izan ere, prentsa ohar baten bidez, ELA sindikatuak gaineratu duenez, "enpresako gainontzeko langileek euren eskubideak betetzea eska dezatela eragozteko hartu dute erabakia".
  Ekonomia 2004-05-11 23:29

Erandioko Udalak 24 auzotarrei eman die lana

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Udalerriko 24 langabetu kontratatu ditu, sei hilabetez, Erandioko Udalak, hainbat zeregin aurrera eraman ditzaten. Besteak beste, atzo hasi eta hilaren 17ra arte luzatuko den trebakuntza ikastaroa jasoko dute aukeratuta auzokideek. Epe hori amaituta, zortzi lagunek osatutako hiru talde egin eta landabideak garbitu, adinekoak eta ezinduak zaindu eta udal araudiak betearazteaz arduratuko dira. Azken bi zeregin hauek aurten jarri dira abian. Laneratzeko arazoak dituzten pertzonak trebatzeko asmoz, Auzolan egitasmoaren barruan dago ekimena.
  Ekonomia 2004-04-29 00:27

Abian dago, berriro ere, "Getxo Activa" egitasmoa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Batez ere, haurren, adinekoen eta menpeko pertsonen alorrean, langabetuak laneratzeko asmoz, "Getxo Activa" proiektua onartu du Udal Gobernu Batzordeak. Egitasmoa datorren urteko urrira arte egongo da indarrean eta Udalak azken urteotan bultzatu dituen "Enplegua Indartzen" eta "Enplegua Indartzen Plus" ekimenen jarraipena da. Europako Gizarte Fondoaren dirulaguntza ere badu eta 626.350 eurokoa izango da bere aurrekontua; 193.000 euro 2004. urtean eta gainontzekoa, 433.350 euro, 2005ean.