Ekonomia 2004-04-05 22:19

Generoen araberako lan-aukeraketa isladatzen jarraitzen du Getxo-Leioako LHZk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxo-Leioako Lanbide Hastapenerako Zentroan araututako hezkuntzan ez jarraitzea erabaki duten 16 eta 20 urte bitarteko 90 gaztek hartzen dute parte. Hezkuntza honen bitartez lanbide bat bilatzen saiatzen dira. Getxoko Udaleko iturriek jakinarazi dutenez, partaidetzak mutilek eta neskek generoen arabera egiten duten hautaketa desberdina isladatzen jarraitzen du. Gainera, gero eta gazte etorkin eta gutxiengoko taldeetako kide gehiago daude.
  Ekonomia 2004-03-31 23:28

Teknologia berriak enpresa txikietara egokitzeko egitasmoa Getxoko Behargintzan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxoko Enplegu eta Ekonomia Garapenerako Zentroak (Behargintza) negozio-linea berriak abiarazteko laguntza emateko zerbitzua indartzen segitzen du eta gainera iaz enpresak sendotzeko eta aholkuak emateko zerbitzuari bultzada berezia eman zion, neurri handi batean, "Zurekin sarean" leloa duen ekimenean parte hartzearekin. Egitasmo aitzindari honetan Bizkaiko 28 erakunde ari dira elkarlanean, teknologia berriak enpresa txikietara egokitzeko. Proiektu honetan parte hartzeko udalerriko 19 enpresa izan dira aukeratuak eta une honetan hezkuntza jasotzen ari dira; baita diru laguntza eta bitartekari materialak ere. Egitasmo honen helburua, metodologia eta egokitze plangintza bat sortzea da.
  Ekonomia 2004-03-30 22:30

Berangoko Elmet enpresan 36 lanpostu daude arriskuan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Konpainiako Zuzendaritzak produkzioa desbideratzeko eta irabaziak Belgikan mantentzeko asmoa duela salatu du gaur Berangon kokatuta dagoen Elmet konpainiako enpresa batzordeak. Horrek 36 lanpostu kentzea ekarriko luke langileen hitzetan. Hau guztiagatik protesta egiteko datorren astean hasiko dira mobilizazioak. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak "doako eraispena geldituko ez duenaren beldur" dira enpresa batzordekoak.
  Ekonomia 2004-03-25 22:36

II Enpresa Ekimenaren Lehiaketaren deialdia irekita

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Erandio, Mungialde, Txorierri eta Uribe Kostako Behargintzen laguntzarekin "Enpresa Ekimenaren" bigarren lehiaketan parte hartzeko izena emateko epea ireki du Getxoko Udalak. Egitasmo honetan Bizkaiko Foru Aldundiak, BBK-Gaztelanbideanek eta Euskal Udalen Elkartea-EUDELek ere hartzen dute parte. 2003ko ekainaren 15etik 2004ko ekainaren 15era, aipatutako udalerrietan erroldatuta dauden pertsonek martxan jarri dituzten enpresa egitasmoak edo bertan ezarri dituzten ekimenak bultzatzea da (edo jarriko direnak). Hauek dira udalerriak: Getxo, Erandio, Arrieta, Bakio, Fruiz, Gamiz-Fika, Gatika, Laukiz, Maruri-Jatabe, Meñaka, Mungia, Derio, Larrabetzu, Lezama, Loiu, Sondika, Zamudio, Barrika, Berango, Gorliz, Lemoiz, Plentzia, Sopelana eta Urduliz.
  Ekonomia 2004-03-22 22:17

Lanbideratze Zerbitzua jarriko dute abian EHU eta BBK Gazte Lanbidean Fundazioak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri EHUk eta BBK Gazte Lanbidean Fundazioak hitzarmen bat sinatu dute unibertsitatean Lanbideratze Zerbitzua abian jartzeko. Egitasmoa ikasleei zuzenduta dago, eta helburua eurei lanaren inguruko orientazioa ematea izango da, lehendabiziko aldiz, lanpostu egokia bilatzeko. Halaber, autoenplegua sortzea ere bilatuko du.
  Ekonomia 2004-03-09 21:35

Faduratik kotxe karabana deitu du CCOO Euskadik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Gourmet enpresak langileak kaleratu izana salatzeko, kotxe karabana antolatu du biharko CCOO Euskadi sindikatuak. 12:00ak aldera abiatuko da Fadurako Kiroldegitik, enpresa hori arduratzen baita kirol instalazioetan dauden kafetegiak eta garagardotegia kudeatzeaz.
  Ekonomia 2004-03-09 21:14

Erandioko udal egoitzako langileek 70 egun egingo dituzte greban

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Hamar aste beteko dira bihar, 2003ko abenduaren 31an, Erandioko San Jose Udal Egoitzako garbiketa hamaika langilek greban hasi zirenetik. Hori dela eta, manifestazioa egingo dute bihar, 12:00etatik aurrera, udalerriko kaleetan zehar. Izan ere, Marga Olarieta langileen bozeramaleak aipatzen duenez, 70 egun hauetan, "negoziaketarako saiakera seriorik ez du egin zentroan zerbitzua emateaz arduratzen den Garbialdi SL enpresak".
  Ekonomia 2004-02-25 22:36

Behargintzak 9 beka plazaratu ditu Getxoko langabetuentzat

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Behargintza -Enplegu eta Ekonomia Garapenerako Zentruaren bitartez, enpresetan praktikak egiteko 9 beka emateko deialdia plazaratu du Getxoko Udalak. Europako Gizarte Fondoak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Getxoko Udalak berak finantziatutako "Enplegua Indartzen Plus-ExI Plus" egitasmoaren barruan dago ekimena.
  Ekonomia 2004-02-20 21:39

Peoi lanpostuetan bost emakume baztertzean "hanka sartu" zuela onartu du Igartuak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Herrian konponketa lanak egiteko bi peoi hartzeko orduan, lan-zerrendan agertzen ziren bost emakume baztertzeko neurria "desegokia" izan zela onartu du gaur, EAJko zinegotzi guztien izenean, Patxo Igartua Gorlizko alkateak. Udalbatzan ordezkaritza daukaten alderdi guztiek, aho batez, hartu zuten erabaki hori. Igartuak adierazi duenez, "kaltetutakoen egoera bere onera bueltatzeko, ahalegin guztiak egingo ditu Udalak". Gaineratu duenez, "inolako bereizkeriarik egon ez dadin", horrelarik berriro ez gertatzeko neurriak hartuko dira aurrerantzean.
  Ekonomia 2004-02-18 22:26

Greban 50 egun egin dituzte San Jose egoitzako langileek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Oraindik ere, Erandioko udaletxe aurrean egunero konzentratzen jarraitzen dute San Jose udal egoitzako langileek, zentroko gainontzeko beharginekin konparatuta, sufritzen ari diren "diskriminazio egoera" salatzeko asmoz. ELAk jakitera eman duenez, 50 egun bete ditu gaur grebak. Hori dela eta, goizean egin den ez-ohizko udalbatzara agertu dira, alkateari "zintzotasunik gabe" jokatu duela leporatzeko, "arazoari irtenbideren bat bilatzeari uko egin baitio".

Gaiaren inguruko albisteak.

San Jose egoitzako langileekin batera konzentratu dira gaur ELAko ordezkariak (2004 Urt 23)
  Ekonomia 2004-02-12 20:41

Lankidetza akordioa sinatu dute Aldundiak, Demak eta Plentziako Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Sabin Arana Bizkaiko Foru Aldundiko Lan eta Trebakuntza diputatuak, Juan Hernandorena Dema-Enpresa Garapena elkarteko zuzendari-gerenteak eta Nicolas Oñate Plentziako alkateak elkarlanerako hitzarmena sinatu dute gaur Bilbon, enpresa berrien aholkularitzarako, Eskutik egitasmoa abian jartzeko udalerrian. Balmaseda, Bermeo, Urtuella, Alonsotegi, Gordexola, Portugalete, Santurtzi, Trapaga, Muskiz, Zierbena, Abanto, Sestao, Gueñes, Zornotza, Lekeitio, Durango, Zalla, Leioa, Erandio eta Txorierrin egin zuten antzera, Plentziako Udala batu da oraingoan egitasmora.
  Ekonomia 2004-02-03 21:26

Negoziatzeko asmorik ez dago Administrazio eta Zerbitzuetako langileen ustez

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Negoziazio kolektiboaren alde egiteko, Leioako campuseko Errektoretza aurrean elkartu dira EHUko Administrazio eta Zerbitzuetako 200 langile inguru, gaur Unibertsitateko Gobernu Batzordea bildu behar zela aprobetxatuz. EILAS, CCOO, ELA eta LAB sindikatuek jakitera eman dutenez, Ibaetako campusean (Donostia) ere 60 lagun eta Gazteizen beste 40 bildu dira.
  Ekonomia 2004-02-02 21:47

Makina batek bi atzamar ebaki dizkio getxoztar langile bati

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Urdulizko enpresa batetan lanean ziharduela, zauritua gertatu da J.V.T. 58 urteko getxoztarra, makina batek eskua harrapatu dionean. Ezbeharraren ondorioz, bi atzamar galdu ditu gizonak. Hain zuzen ere, goizeko hamaika t'erdiak aldera izan da lan istripua, Ertzaintzak jakitera eman duenez. Zauriak sendatzeko Mutua Vizcaya Industrial-era eraman du J.V.T., DYAko anbulantzia batek.
  Ekonomia 2004-01-26 22:25

Lan-egutegia negoziatzea eskatu dute EHUko administrazio eta zerbitzu langileek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri ELA, LAB, EILAS eta CCOO sindikatuek EHUko Administrazio eta Zerbitzuko Langilegoaren lan-egutegia eta lan-poltsaren kudeaketarako moldaturiko testua negoziatzea eskatu dute gaur. Aipatutako sindikatuek EHUko gerentearen jarrera salatu dute prentsa ohar baten bidez, eta "plazak amortizatzen ahalegintzea, unibertsitateko zerbitzuak pribatizatea eta Funtzio Publikoaren Euskal Legea ez betetzea" leporatu diote. "Gerentearentzat, espedientea betetzeko audientziazko izapide bat besterik ez da negoziazio kolektiboa, negoziatzeko inolako borondaterik gabe eta, are gutxiago, akordioa lortzeko", adierazi dute.
  Ekonomia 2004-01-23 20:55

San Jose egoitzako langileekin batera konzentratu dira gaur ELAko ordezkariak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Lan baldintza hobeagoak eskatzeko, Erandioko San Jose udal egoitzako garbiketa langileek egiten ari diren greba hirugarren astea bete du gaur. Euren egoera salatu eta herritar guztiak jakinaren gainean jartzeko asmoz, konzentrazioa egin dute berriz ere udaletxe aurrean, 11:00etatik 12:00etara. Beraiekin batera ELAko hainbat ordezkarik parte hartu dute elkarretaratzean, langileei elkartasuna adierazteko.
  Ekonomia 2004-01-22 19:29

Getxoko udaltzainburuaren aurka jarritako demanda atzera bota du epaileak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri José Ramón Souto Getxoko Udaltzaingoko nagusiaren aurka, aurreko polizia buruak eta bi sargentuk aurkeztutako demanda atzera bota du Bilboko 1. Epaitegiak. Soutok kargu horretan egoteko beharrezkoa den titulazio akademikoa ez zuela esaten zuten hirurek. Iñaki Zarraoa alkateak atzo adierazi zuenez, "gaur egun udaltzainburua denak EHUn atera zuen Kriminologia titulazioa lanpostu horretan egoteko nahikotzat hartu du epaileak".
  Ekonomia 2004-01-21 22:30

UGTren salaketak gezurtatu ditu Zarraoak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri EAEko Auzitegi Nagusiak erabaki bezala, bere lana ezin zuelako behar bezala bete, depresioak jota amaitu duen UGTko langileari, 3 mila euroko kalteordaina emateko agindua emanda dauka jada Getxoko Udalak. Halaber, sindikatuari lokal bat emateko neurriak ere hartuta daude. Izan ere, UGTren salaketei erantzunez, talde horri arrazoia ematen dioten sententziak betetzeari, inoiz ez diola uko egin adierazi du Iñaki Zarraoa alkateak. Beste sindikatuekin batera, Matikoenan edukiko du bulegoa laster UGTk.
  Ekonomia 2004-01-20 22:43

Udalaren aurkako salaketa jarri du Getxoko UGTk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Prebarikazioa, atribuzio-usurpazioa, desobedientzia eta laguntza ukatzea egotziz, Udalaren aurkako salaketa aurkeztu du Getxoko UGTk. Sindikatuari udaletxe barruan lokal bat ematera Udala behartzen duten hainbat sententzietan du jatorria oraingo salaketak. Lana ezin zuelako behar bezala egin, bere burua erasotua sentitu eta depresioak jota bukatu omen zuen eskuorde sindikalak, azkeneko epaiak adierazten duenez.

Besteak beste, azaroaren 19an, bere eskuorde sindikala Zerbitzu Batzordetik kaleratu izana salatu du UGTk. Atezainen eta bulego-mezularien lana gainbegiratzeaz arduratzen zen bera. Hori dela eta, erabaki horren aurkako helegitea aurkeztea erabaki du sindikatuak, bere aurkako "mendekua" delakoan. UGTko kideen hitzetan, "autoritatearen jardunean botere desbideraketa suposatzen du honek. Udalean dauden 31 zerbitzu batzordeetatik kaleratu duten ordezkari bakarra da gurea".
  Ekonomia 2004-01-20 21:02

Faduran konzentratu dira Gourmet Comedores enpresako langileak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Euren lanpostuei eusteko, Fadura kiroldegiko ateen aurrean bildu dira gaur Gourmet Comedores enpresako langileak. Izan ere, plantila kaleratzen dihardu hamar urteetan kirol-instalazioetan zerbitzua eman duen enpresak, hainbat produktu saltzen dituzten makinekin ordezkatzeko.
  Ekonomia 2004-01-19 21:29

Protesta egingo dute bihar Fadura aurrean Gourmet Comedores enpresako langileek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri CCOO Euskadi sindikatuko Zerbitzuen Federazioak deituta, elkarretaratzea egingo dute bihar Gourmet Comedores enpresako langileek. Enpresa horrek Fadurako kiroldegian eskaintzen ditu bere zerbitzuak. Sindikatuak prentsa ohar bidez gaur jakinarazi duenez, kirol-instalazioetan hamar urtetik gora lanean ibili ondoren, enpresak plantila kaleratzea erabaki du, zerbitzua produktuak saltzen dituen makinekin ordezkatuz.

CCOO Euskadik Getxoko Udalari eta Fadurako kiroldegiari leporatu die langileak bere liskarren "bekatari" moduan erabiltzea. Hori dela-eta, bihar elkarretaratze bat egingo du, goizeko 11:00etatik eguerdiko 12:00ak arte, Fadurako kiroldegiaren aurrean.