Udal hauteskundeak 2015

Auzokideen ekarpenak kalean batuko ditu egunotan Erandioko EAJk

Iker Rincon Moreno 2015ko mar. 27a, 15:40
Joseba Goikouria. © EAJ

Erandioko biztanleek udalerria hobetzeko izan ditzaketen ideia eta proposamenak ezagutu gura ditu bertako Euzko Alderdi Jeltzaleak (EAJ). Asmo horregaz, gaur, bihar eta etzi iritzia emateko karpak jarriko dituzte jelkideek Altzagan, Astrabuduan eta Erandiogoikoan, hurrenez hurren. Joseba Goikouria alkate eta EAJren hautagaiak azaldu duenez, ekimenaren helburuak bi dira: "auzotarron benetako beharrei aurre egingo dion herri xaloagoa" lortzea eta bide horretan "Erandioko diseinuan auzokideen parte hartzea erraztea".

Gaur, iluntzeko 7:00etatik aurrera, karpa bi jarriko dituzte Altzagan. Bata, Metro Bilbaoko geltokiaren irteeratik hurbil egongo da. Bestea, Jado kalean. Batean zein bestean, erandioztarrek euren ekarpenak sartu ahal izango dituzte beren beregi horretarako sortutako postontzietan.

Batzokietan ere bai

Astrabuduarrek ere aukera edukiko dute EAJri euren ekarpenak ezagutarazteko. Izan ere, zapatuan eguerdian Josu Murueta plazaren inguruetan errepikatuko dute ekimena. Azkenik, domekan, goizeko 12:00etan, Erandiogoikoko Euskadi plazan ipiniko dute karpa Erandioko EAJko kideek, Andra Mari elizaren aurrean.

Alderdi jeltzaleak jakinarazi duenez, egun hauetan karpetatik pasatzerik ez duten baina beren ideiak helarazi gura dituzten auzokideek beste bide bat ere izango dute, udalerriko hiru batzokietan postontziak izango baitituzte zain.

Egitaraua

Martxoak 27, barikua

• 19:00etan, Altzagako Metro Bilbaoko geltokiaren irteeran.

• 19:00etan, Altzagako Jado kalean.

Martxoak 28, zapatua

• 12:00etan, Astrabuduko Josu Murueta plazan.

Martxoak 29, igandea

• 12:00etan, Erandiogoikoko Euskadi plazan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun