Udal hauteskundeak 2015

Elena Perez alkategai sozialistak “2.252 lehentasun" izango du: "Erandioko langabetuak”

Iker Rincon Moreno 2015ko api. 14a, 16:00
Idoia Mendia eta Elena Perez. © Bizkaiko PSE-EE

Erandioko PSE-EEk batzar irekia burutu zuen joan den zapatuan, eta bertan Elena Perez Barredo zerrendaburuak azpimarratu zuen bere udal proiektuak “2.252 lehentasun izango dituela, gure herriko langabetu denak”. Horrez gainera, zerbitzu sozialak hobetzea eta hainbat neurri hartzea proposatu zituen. Besteak beste, Hiri Antolaketarako Plangintza Orokorra (HAPO), Aparkatze plana eta Salburuarako hezegunerako etorkizun proiektua daude bere egitekoen artean. Asanbladan Idoia Mendia EAEko sozialisten idazkari nagusia ere izan zen.

Perezek esker hitzak izan zituen Juan Otermin udal bozeramaile sozialistarentzat, datorren legealdian Udala utzi arren “Erandioren alde borrokatzen jarraituko duela”, Bizkaiko Batzar Nagusietarako Txorierriko hautagai sozialista izango baita. “Lasai nago, lasai egon gaitezke, Bizkaiko Foru Aldundian ordezkaririk onena izango baitugu. Erakunde horrek, zintzoak izan gaitezen, gutxi egin du herri honengatik, Lutxanarako bidean tunel ez seguru bat eraikitzea ez bada, Eskumaldean gauza bera kritikatzen zuten bitartean”, salatu zuen alkategaiak.

EAJri kritika gogorrak

Perezen ustez, PSE-EEk Erandio “irauli egingo du”, langabetuen kopuruagatik hasiz. Nabarmendu zuenez, “inguruko handiena” da bertako langabezia tasa: “hori horrela izan dadin EAJk Udal Gobernuan zer egin duen galdetzen diegu gure buruei. Eta erantzuna da: ezer ez. Axolagabekeria, immobilismoa eta eraginkortasunik eza izan dira gobernu nazionalistaren gakoak. Eta herri honek ez du hori merezi. Ez du merezi sustapen ekonomikora udal aurrekontuaren %5 baino gutxiago joatea”.

Horren aurrean, PSE-EEk babestu du enpresari berriak laguntzea, enpresa-haztegiak sortzea eta Plaiabarri eta Sakoniko inguruan industria-jarduera sustatzea, espazioak egokituz eta bideragarritasuna hobetuz.      Gainera, ez izatea “enpresa-garapenerako traba” delakoan, HAPO martxan jartzea gura dute. Euren ustez orain arte ez da posible izan “EAJren ezgaitasunagatik”.

Gainera, Gizarte Ekintza arloan giza eta diru baliabide gehiago jartzearen alde mintzo zen Perez: “gaizki pasatzen dabiltzan auzokideak lagundu behar ditugu eta laguntzak behar dituztenei benetan heltzeko arduratu behar gara”. Beste proposamen bat izan zen Udal Gardentasun Ataria sortzea, auzokideek “gure zergak zertan eta nola gastatzen diren” ezagutzeko. Perezek gogoratu zuenez azken asteotan sozialistak Programa Irekia izeneko proiektuan murgildu dira eta hainbat topaketa burutu eta ekarpenak jaso zituzten. Horretaz pozik mintzatu zen alkategai sozialista: “jendeak arrazoia du Aparkatzeko Plan Nagusia eskatzen digunean edo Astrabuduko hezegunea udalerri honetako biriki berdea izan dadin apustu egin dezagun esaten dutenean”.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun