Erandioko Udalak ukatu du Kalezuloren aurkako epaiketaren atzean dagoenik

Iker Rincon Moreno 2016ko urt. 12a, 16:53
Pasa den domekako EGAren prentsaurrekoa.

Pasa den domekan, Erandioko Gazte Asanbladak leporatu zion Udal Gobernuari herriko gazte biren aurkako auziaren eta Kalezulo gaztetxea ixteko saiakera baten atzean egotea. Epaiketaren bista astelehenean izango da, 11:30ean, Bilboko Buenos Aires kaleko auzitegian. Gaur, EAJk eta PSE-EEk osatzen duten Udal Gobernuak gezurtatu ditu adierazpen horiek. HIRUKAri igorritako bost puntutako komunikatu labur batez, Udalak adierazi du ez diola "inoren eta ezeren aurkako neurririk hartzeari ekin. Lokal-lursail-eraikinaren jabea izan da egin duena". Era berean, ukatu du "gaztetxe horren proiektuaren kontra" dagoenik. Halere, Udalak bere kezka agertu du Kalezulon, "pertsonen segurtasuna arriskuan" egon daitekeelakoan, eraikinak lizentziarik ez duelako, besteak beste.

Herenegun gazteek kritikatu zuten Udalaren jarrera "suntsitzailea" gaztetxearekiko, euren esanetan "identifikazioak, gezurrak eta trabak" ekarri dituena. Era berean, euren ustez, auziperatuak "Udal Gobernuak aukeratu ditu, urteetan gazte mugimenduan izandako konpromisoagatik, akaso". Azkenik, orain dela lau urteko okupazioa arrazoitzeko gazteek kudeatuko dituzten espazioak uzteko Udalak "duen ezintasunaren ondorioz" izan zela adierazi zuten, besteak beste.

Udal komunikatua

Erandioko Gazte Asanbladak egindako adierazpenei erantzuna eman die gaur Erandioko Udal Gobernuak, hitzez-hitz erreproduzitzen dugun honako komunikatuaren bidez:

1. Udalak ez du inoren eta ezeren aurkako neurririk hartzeari ekin. Lokal-lursail-eraikinaren jabea izan da egin duena.

2. Udala ez dago gaztetxe horren proiektuaren kontra. Esaten dutenaren aurka Erandioko Udalak ez dauka jarrera "suntsitzailea" gaztetxe horrekiko. Halere, Udala gauzak ondo egitearen alde dago, bedeinkazio denakaz, euren baimenakaz, euren lizentziakaz, euren segurtasun-neurriakaz, eta abar.

3. Udala gazteen aisialdiaren alde dago. Izan ere, udaletxetik inoiz ez da epai- edo administrazio-neurririk hartu gaztetxearen aurka.

4. Udala prest dago elkarregaz eta batera lan egiteko, beti ere jarduera pertsonen segurtasuna arriskuan jarriko ez duen espazioan egingo bada.

5. Gazteak inoiz ez dira Udalagaz harremanetan ipini hirigintza- eta ingurumen-arautegira moldatzen den espazio pribatu edo publikoa bilatzeko. Erabiltzen dabiltzan eraikinak ez dauka lizentziarik eta bertan lizentzia behar duen jarduera egiten da. Neurriak prebentiboak dira eta ez errepresiboak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun