Indartu programak ez dio Erandiori beharrik ekarri

Iker Rincon Moreno 2016ko ots. 10a, 15:36
Arantxa Tapia sailburua Indartuaren aurkezpen publikoan. IREKIA - EUSKO JAURLARITZA

Zortzi milioi euro bideratu ditu Jaurlaritzak lanpostuak sortzeko. Erandiora ez da enpresa bakar bat ere etorri.

Pasa den irailean abiatu zuen Indartu programa Eusko Jaurlaritzak. Horren bidez, industrian lanpostuak sortzeko inbertsio produktiboak erakarri gura zituen Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak, non eta Europako Batzordeak izendatutako “alde behartsuetan”; horien artean aipatu zuten Erandio. Helburua lortzeko, zortzi milioi euroko laguntza ezarri zuten.

Hala, abenduaren 22an, agortu ziren partidaren funtsak, eta orain dela egun batzuk, Arantxa Tapia sailburuak Indartu programaren balantzea egin zuen. Tapiak azaldu zuenez, Indartuk 89 milioi ekarri ditu inbertsiotan, 10 industria-proiekturen bitartez, eta 426 enplegu berri sortu ditu. Irun, Hernani, Ezkerraldea eta Meatzaldea izan dira, ostera, inbertsio eta lanpostu horiek hartu dituzten udalerri eta eskualdeak.

Lointekentzat, 425.000 euro

Uribe Kostari dagokionez, Urdulizko Lointek enpresak 425.000 euro jaso ditu Lointek Heavy Industries Zierbenako zentrorako, inbertitutakoaren %10; 2015eko maiatzaren 11n aurkeztu zuten planta berria. Zierbenan ekipamenduak ekoizten ditu Lointekek eta inbertsioaren gakoa pabiloi berria Bilboko portutik hurbilago kokatzea izan da, esportazio-ahalmena sendotzeko. Jaurlaritzaren aburuz, 25 lanpostu berri sortu ditu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun