Kalezuloko gazte biak absolbitu dituzte

Iker Rincon Moreno 2016ko ots. 25a, 17:09
Auziperatuen eta Kalezuloren alde egindako protesta bat.

Bilboko 5. epaitegiko Dolorez Muñoz magistratuak Imanol Eguzkiza eta Oier Torre gazte erandioztarrak absolbitu ditu Kalezuloren auzian. Magistratuaren arabera, pasa den astean epaitutako gazteak zuzen identifikatu zituzten eta gaztetxearen ardura kolektiboa zuten. Halere, bere ustez, ez da probatuta geratu deliturik dagoenik, lurralde-auzitegietako jurisprudentziari kasu eginez. Fiskaltzak eta akusazio partikularrak bost lan-egun dituzte helegitea jartzeko. Erandioko Gazte Asanbladak gaur iluntzean bilduko da testua baloratzeko.

Epailearen arabera, Ereaga Gestion SL enpresak Jose Luis Goyoaga kaleko 11. zenbakian duen lokala "urteak zeroan jabeak utzita" eta urteak ziren ere gaztetxe gisa erabiltzen zela. Konkurtso-administratzaileak 2015eko urriaren 2an hara joan zirenean ezin izan ziren bertara sartu. Epaian jasota dagoenez, "sarraila aldatuta zegoen, nork eta noiz egin zuen ez dakitela".

Magistratuak azpimarratu duenez, jurisprudentziaren arabera okupazio oro ez da delitu, kasu zehatz batzuetan baizik. Hala baztertu du eraikinak "arriskurik" izan izana edo okupatzaileek eraikinaren jabetza eskuratzea gura izana: "salatutakoek onartu dute lokal utzi bat erabili dutela, beste batena". Era berean, epaileak ukatu du jabeak urte horietan lokala aldarrikatu duenik: "hemen bakarrik agertu da konkurtso-administratzaileak pabiloira joan izana, poliziaren esku-hartzea eta salaketa". Horregatik, Muñoz andrearen ustez, ez da probatuta geratu deliturik dagoenik. Halere, argi utzi du deliturik ikusi ez baduela ere, bide zibilean salatzaileek aukera gehiago luketela.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun