Martxoak 8 Uribe Kostan

Indiako emakumeen errealitate handiagotua, Astrabuduan ikusgai

Iker Rincon Moreno 2016ko mar. 10a, 17:45
Emakumeen protesta bat Indian. © ALBOAN

Datorren apirilaren 1era arte, ikusgai dago "Emakumeak Indian" goiburuko erakusketa, Astrabuduko Josu Murueta kultur etxean. Ekimena Alboan elkarteak antolatu du. Erakusketa hau Handiagotutako Errealitatean ikusteko diseinatu da; beraz, mugikorretarako aplikazio bat deskargatu eta adierazitako markatzailea eskaneatuz gero, erakusketan lantzen diren gaiak osatzeko eduki, informazio eta baliabide gehigarriak aurki daitezke.

Jesuitek bultzatutako EGKk gogorarazi duenez, "India suspertzen dabilen herrialde garrantzitsutzat jotzen dugu gaur egun, ekonomia garatzen hasia delako. Alboan elkartean, gure ustez, garapena neurtzeko ezin dira soilik adierazle ekonomikoak erabili, adierazle horiek ez baitute jasotzen planeta honetan bizi den jende askoren errealitatea". Adierazle ekonomikoez gain, "kontuan izan beharko genituzke hezkuntzarako eta osasunerako aukera, bizi-itxaropena eta, batez ere, biztanleria-sektoreen arteko desberdintasun-maila".

Historikoki, tradizio hinduan ukiezintzat hartutako pertsonen (dalit-en) eta Indiako zenbait estatutako indigenen (adivasi-en) egoera oso bestelakoa da oraindik ere, herrialde horretako gainerako gizarte-mailakaz alderatuz gero. Gaur egun, pertsona horiek legez babestuta dauden arren, hezkuntza jasotzeko aukera ezaren eta kultura-sustraien ondorioz, pertsona horiek ezin dute bizitza publikoan parte hartu. Eta are gutxiago emakumeak badira; emakumeek diskriminazio bikoitza pairatzen dute: alde batetik, Indiako gizartean berezko tokirik ez duen gizarte-talde batekoak izateagatik eta, bestetik, emakume izateagatik, horrek guztiak dakartzan arazo guztiakaz. "Izan ere, Indian, emakumeak ez dira beren patuaren jabe ere", Alboanek azpimarratu duenez.

Alboan elkarteak, Indiako komunitate kalteberenen egoera nolakoa den zabaldu gura dute, Indiako Gujarat eta Tamil Nadu herrietan egindako lanaren berri emanez. "Era berean, emakumeen eskubideen egoeragaz lotutako salaketak eta aldarrikapenak egiten dituzten pertsona eta taldeakaz bat egiten dugu nazioarteko ekimenetan".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun