EGAk 9 urte bete dituela ospatuko dute zapatuan, Altzagan

Iker Rincon Moreno 2016ko api. 28a, 18:00
EGAko hainbat lagun.

2006ko abenduan, "herrian gazteontzat ezer ez dagoelako" kezkatuta, 15 bat lagunek batzeari ekin zioten, gazte aisialdiaren inguruan lan egiteko asmoz, Gabonetako oporrak baliatuta. Hortik abiatutako ildoak herriko Inauterietan play-back-a eta bestelako ekimen batzuk antolatzera eroan zituen. Erandioko Gazte Asanblada 2007ko apirilaren 28an aurkeztu zuten jendaurrean.

Hala, azken data horren bederatzigarren urteurrena ospatzen dabil EGA egunotan. “…eta dinosauroa esnatu zenean, inurriak han zeuden” lelopean, eguaztenean abiatu zituzten urtemugako ekimenak, “Gazteok eta prekarietatea” berbaldiagaz eta “Gure kabuz ala hil” dokumentalaren proiekzioagaz.

Bestalde, zapatuan, goizeko 12:30etik aurrera hamaika jarduera izango dira Altzagan, gazteek antolatuta. Gazteen horma-irudia, Eguenero taldearen elektro-txotxa, eta bazkaria izango dira Irailaren 23a plazan, udaletxearen aurrean. Ondoren, 17:30ean, karaokea euskaraz, eta zumba-saioa izango dira. Azkenik, lagunakaz jaia egingo du EGAk 21:30ean, Artaza Combat eta The Middle Fingers taldeakaz, eta Sukarra musika-jartzaileagaz.

Ekimenaren kartela

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun