Asuako ibaia kanoaz garbitzeko izen-ematea zabalik

Iker Rincon Moreno 2016ko mai. 9a, 10:52
Betiko ikastolako hainbat kide RK Abentura enpresako kanoetan. © RK ABENTURA

Nazioarteko Dibertsitate Biologikoaren eguna dela-eta, maiatzaren 22an, domeka, Ekinaren Eguna ospatzen ohi du Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko Aztertu ingurumen-hezkuntzarako programak. Aurten, Asua ibaiak hartuko du Ekinaren Egunaren bosgarren edizioa, Erandioko udalerrian. Bertako itsasadarra zaborrez garbitzea izango da egunaren helburua. Horretarako, gura duten herritarrek kanoan igo ahal izango dute. Izen-ematea daborduko zabaldu dute.

Asuako urak garbitzeko maiatzaren 22an ipini dute hitzordua, goizeko 11:00etan, Lutxana Arraun Elkartearen pabiloian. Bertan, taldetan banandu, eta kanoak erabiliz uretan eta hertzeetan dauden hondakinak kenduko dituzte. Zaborra sailkatu ondoren jasotakoa pisatuko dute, 13:30etan hondakin-edukiontzietan sartu aurretik.

Parte hartzaileentzat ekintza doakoa izango da, eta Aztertu programa arduratuko da beharrezkoa izango den material guztia eramateaz: kanoak, eskularruak, poltsak, ontziak, eta abar. Aztertuko arduradunen ustez, "esperientzia polita" izango da, "ingurumenaren alde lan egin eta igande goiz paregabea pasatzeko". Ekimena RK Abenturak eta Erandioko Udalak lagunduko dute.

Izen-ematea daborduko egin daiteke aztertu@euskadi.eus posta elektronikora idatziz edo 902 160 138 telefono-zenbakira deituz egin daiteke, honako datuak emanda: kontaktu baten izen eta telefonoa eta parte hartuko duten pertsonen kopurua eta adina. Leku-kopurua mugatua da.

Aztertu programa

Aztertu Programan parte hartzen duten taldeek urteak daramatzate Euskal kostaldearen eta ibaien ikerketak egiten. Euren ustez, Azterkosta eta Ibaialde kanpainetan egiten den lana "aipagarria da benetan. Ez bakarrik laginketak eta galdetegiak betetzerako momentuan, baizik eta gizartean ingurumena zaintzearen beharra zabaltzean". Hala ere, pauso bat aurrera emateko, duela bost urte Ekinaren Eguna sortu zuten. Maiatzaren 22an, Dibertsitate Biologikoaren Nazioarteko egunean, Aztertu Programak talde jakin bategaz ingurumenaren aldeko ekintza zehatz bat burutzen du. Era berean, inguruko egunetan Ekinaren Astea izango da, eta oraindino zabaldu ez dituzten beste ekintza batzuk izango dira eskualdean, hainbat ikastetxek eta elkartek antolatuta.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun