Udaleku artistikoak egingo dituzte Altzagan eta Astrabuduan

Iker Rincon Moreno 2016ko mai. 9a, 13:30
Umeak txalaparta jotzen Astrabuduan. © ERANDIOKO UDALA

Art Libitum elkarteak eta Lastima teatro-konpainiak goizeko udaleku artistiko bana antolatu du, hurrenez hurren Astrabuduan eta Altzagan. Bietan, musikak garrantzi handia izango du. Astrabuduan 4 eta 12 urte bitarteko umeek jarduerak ingelesez egingo dituzte eta Altzagan, ordea, euskaraz, 5 eta 14 urte bitarteko neska-mutilek. Bi udalekuen lehenengo txanda ekainaren 27tik uztailaren 12ra izango da eta bigarrena, uztailaren 14tik 29ra. Ordutegia 08:30etik 14:30era izango da. Izen-ematea daborduko egin daiteke, maiatzaren 27ra arte.

Astrabuduko udalekuak

Art Libitum elkarteko kideek zabaldu dutenez, Muak programaren bidez, "ingelesa modu dibertigarrian bizitzeko esperientzia eskaini nahi dugu, musika sentitu, ezagutu eta bizitzeko aukera ematen duen metodo entretenitu baten bitartez. Horri esker, musikaren, dantzaren, arte plastikoen, arte eszenikoen, erlaxazio-tekniken, gorputz-adierazpena, zirkuaren mundua, sortze-sukaldaritza eta hizkuntzen munduetara hurbilduko gara, haur eta gazteek barruan dituzten kezka artistiko guztiak piztu eta garatzeko asmoz. Hori guztiori, sortze-prozesuaren garapenean eragina duten zenbait elementu ludikoren bitartez". Saioak Josu Murueta kultur etxean izango dira. Argibide gehiagorako honako bitartekoak erabil daitezke: 679 996 981 eta 656 708 038 telefono-zenbakiak edo artlibitumelkartea@yahoo.es posta elektronikoa.

Altzagako udalekuak

Altzagan, Antzerkitxiki programa darabilte. Horren helburua da Erandioko haurrak eta nerabeak antzerkiaren diziplina ugarietara hurbilaraztea, amaieran antzezlan musikal bat eszenaratuz. Jolasa, talde-lana eta arte plastikoak izango dira sorkuntza-prozesu horretako lanabesak. Bertan, haurrek, bi astez, komedia musikal oso bat sortuko dute, eszena, kantu eta koreografiakaz. Eszenografia eta jantziak ere beraiek egingo dituzte. Ikastaroaren amaieran, haurrek senideen aurrean taularatuko dute antzezlana. Jarduera denak Altzagako Azoka Zaharrean egingo dituzte. Informazio gehiago gura izanez gero, 690 384 962 telefonora deitu edo lastimateatro@gmail.com posta elektronikora idatz daiteke.

Izen-ematea

Gurasoek ala tutoreek eskabidea bete, sinatu eta Astrabuduko Udal Bulegoan edo Erandioko udaletxean entregatu beharko dute, maiatzaren 27ra arte. Eskabidean honako datuak ipinita egon beharko dira: umearen izen-abizenak, jaiotze-data eta telefonoa; aukeratu den programa (Muak Astrabuduan edota Antzerkitxiki Altzagan); eta aukeratutako aldia (lehenengo edota bigarren hamabostaldia).

Printzipioz, udaleku-txanda bakarra egin ahal izango da, lekuak mugatuta baitaude. Halere, leku libreren bat geratuz gero, hilabete osoa egiteko aukera egongo da. Kasu horretan, Erandion erroldatutakoek lehentasuna izango dute. Plaza-kopurua baino eskaera handiagoa badago, onarpen-ordena zehazteko erabiliko den letra zozkatuko da.

Prezioari dagokionez, hamabostaldi bakoitza 150 euro izango dira, eta biak eginez gero, 280 euro. Gainera, Erandion erroldatutakoek jardueraren kostuaren %50eko diru-laguntza jasoko dute. 
Jarduera hasi baino lehen, informazio-bilera egingo da. 


Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun