Izen-ematea zabaldu du Erandioko Gazte-udaldiak

Iker Rincon Moreno 2016ko eka. 6a, 17:25

Gaur, astelehenean, Gazte-udaldirako inskripzio aurrekoak betetzeko epea zabaldu du Erandioko Udalak. Behin-behineko izen ematea ekainaren 10era arte, barikura arte, egin ahal izango da, Altzagan Udal Kultur Sailean eta Astrabuduko Udal Bulegoan. Ekimena 13 eta 15 urte bitarteko neska-mutilei zuzenduta dago, udal iturriek gogorarazi dutenez.

Gazte-udaldian parte har dezakete 2001 eta 2003 bitartean jaiotako gazteek, beti ere Erandion erroldatuta badaude. 50 leku besterik ez daude eta prezioa 65 eurokoa da. Antolatzaileek gurasoei gogorarazi dietenez, "izen-emate bakarra" egin ahal izango da "ume bakoitzeko".

Inskripzioa egitean, zozketarako zenbaki bana emango diote ume bakoitzari. Ekainaren 14an, eguerdian, lekuen zozketa egingo dute Altzagako kiroldegian, inskribatu diren kideen artean. Antolaketak iragarri duenez, behin 50 lekuen zenbakiak kutxatik erauzita, "beste hamar zenbaki aterako dugu itxaron zerrenda osatzeko, behin betiko izen-ematea egitean plazaren bat hutsik geratzen bada bete ahal izateko. Abisatuko dugu".

Behin betiko izen-ematea ordainketa egin eta kiroldegiren batean aurkeztean ziurtatuko da. Horretarako epea ekainaren 15etik 20ra da. Diru-ekarpena dagokion pertsonaren izenean egin beharra dago, Kutxabanken BBK ES28 2095 0039 15 3239029361 kontuan.

Udaleku irekiak uztailaren 5a eta 28a bitarteko martitzen eta eguenetan egingo dituzte, 10:00etatik 17:00etara. Bertan, kultur, kirol- eta jolas-ekintzak izango dira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun