Uribe Kosta jaietan 2016

Arrastian Altzagako sua prestatzeko lanak egingo dituzte

Iker Rincon Moreno 2016ko eka. 21a, 12:40
Sua Tartangan isiotuko dute.

Gaur 16:00etan, auzolanerako hitzordua ipini dute Erandioko Altzaga auzoko hainbat taldek. Ordu horretan, Kalezulo gaztetxean geratu dira, eguen honetan, san Juan bezperan, egingo duten udako solstizioaren sua antolatzeko. Zehazki, sutarako egurrak lekuz aldatuko dituzte gaztetxetik Tartangako Lanbide Heziketako institutura. Horretarako, furgoneta, "eskularruak, musika, askaria eta giro bikaina gure esku!" agindu dute antolatzaileek.

Gaurtik aurrera, auzokideek ere egurra eta erre gura dituzten gauzak institutura jaisteko aukera izango dute, Erandioko Gazte Asanblada, Altzagako Merkatari Elkartea, Uztargi, Kabalgataren Lagunak, Gaztetxoak, Kantagunea eta Gautxoriak taldeek iragarri dutenez.

Altzagan eguenerako martxan ipinitako antolaketa kolektibo eta zabal hori Olentzerogaz lortutakoaren segida da; elkarlan horren bidez, Altzagan aspalditik desagertuta zegoen San Juan bezperako suaren ohitura berreskuratu gura dute, urte luzez haurrentzako txokolate-jana bakarrik egon ondoren. Horren kontziente dira antolatzaileak: "Gogoan dituzue txikitako su erraldoiak? Zerurainoko egurrezko piramideak?", galdetu diete Altzagako auzokideei, hein handi batean euren parte-hartzean datzalako ekimenaren arrakasta. Besteak beste, eguenean euskal jantzi tradizionalak jantzita edo mozorrotuta joatea eskatu diete.

Eguenean, ekainak 23, 18:30ean hasiko dira umeentzako tailerrak Irailaren 23a plazan, udaletxe ondoan. Ordu pare baten ostean, bertatik irtengo da kalejira, batukadagaz, eta sorginakaz; eltze magikoa ere ez da faltako. Auzoari bira emanda, txokolate-banaketa egingo dute Tartangako zelaietan eta bertan, 22:00etan, sua isiotuko dute, udaberria atzean utzi, udari ondoetorria eman eta gauza eta kontu txarrak uxatzeko asmoz. Suaren inguruan kantuan zein dantzan murgiltzeko deia egin dute antolatzaileek. Horretarako, aurretiaz hainbat dantza- eta kanta-saio egin dute.

Astrabudua

Bitartean, Astrabuduan, orain arteko ibilbideari jarraituko diote, tradizioari eutsiz. Eguenean, Madaripeko landan haurrentzako tailerrak, musika eta txosna izango dira 20:00etatik aurrera. 22:30ean, ostera, San Juan sua eta dantzak izango dira. Bertako sua Ta Orain Zer Elkarteak antolatzen du, honako laguntzaileakaz: GUA, Trabudu Dantza Taldea, Iparraize Dantza Taldea eta HAstrabuduako Etxe Extremadurarra.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun