Jon Salvadorren azken elkartasun-maratoia

Iker Rincon Moreno 2016ko eka. 23a, 09:00
Jon Salvador atleta erandioztarra, artxiboko irudian.

Datorren uztailaren 10ean, amaierara helduko da Elkartasun-maratoiak egitasmoa. Orain dela sei urte, Javi Conde atleta basauriarrak martxan ipini zuen ekimen hori, eta Jon Salvador korrikalari erandioztarrak lagundu dio harrezkero.

Olinpiar eta Paralinpiar Jokoak hartu dituzten 27 hiriak bisitatu dituzte proiektuagaz, 2009tik hona, horietan maratoiak egin eta ongintzazko erakundeei dirua emateko. Baina ekimena diseinatu zutenean ofizialak ziren egoitzak baino ez zituzten kontuan hartu. Horregatik, berezia izango da uztailaren 10ean Salvadorrek eta Condek antolatuko duten azken lasterketa: Stoke Mande­ville herrian beteko dituzte 42,195 kilometroak.

Ingalaterrako Buckinghamshire konderriko udalerri horretan egin zituzten lehenengoz Gurpil-aulki gaineko eta Anputatuen Munduko Jokoak, 1948an. Gerora, 1960an Erroman abiatu zituzten Paralinpiar Jokoetako inspirazio izan ziren Stoke Mandevilleko joko haiek. Salvadorrek eta Condek 105 bira emango dizkiote herriko estadioari; senideak, lagunak, kolaboratzaileak eta hango kirolariak ondoan izango dituzte.

Sei urteotan, Javi Condek eta Jon Salvadorrek 165.000 euro batu dituzte elkartasun-probetan, eta diru hori banatu egin dute irabazteko asmo bako 95 elkarteren artean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun