Erandioko lan-istripua Bilbon ere salatu gura du EH Bilduk

Iker Rincon Moreno 2016ko eka. 29a, 10:55
Koalizioak kaleratutako lan-istripuan aurkako kartela.

EH Bildu koalizioak Bilboko Udal Bozeramaileen Batzordea bil dadin eskatu du, atzo Axpen behargin bilbotar bat lan-istripuz hil zela salatzeko. Koalizio independentistak zabaldu duenez, "lan ezbehar-kopuruaren kontrako erakunde mailako aitorpena adostea" da pausu horren helburua.

Lander Etxebarria EH Bilduren Bilboko Udal Taldeko bozeramaileordeak premiazko Udal Bozeramaileen Batzordea deitzea eskatu dio gaur goizean Aburto alkateari. "Atzo Erandion lan istripu larria gertatu zen eta bertan 38 urteko Alvaro Vinuesa Gomez langile bilbotarra zendu da. Talde guztien artean lan-ezbehar kopuruaren kontrako erakunde mailako aitorpena adostea du helburu EH Bilduk", Etxebarriak azaldu duenez.

Era berean, EH Bilduk agertu die "elkartasuna eta samina hildakoaren familia eta lagunei" eta bat egin du gehiengo sindikalak egindako salaketagaz: "argi dago segurtasun neurriak ez betetzearen eta eraikuntzan dauden lan erritmo intentsiboen ondorioz suertatzen direla lan istripuak".

Lander Etxebarriak adierazi du EH Bilduk lan-istripuen aurrean Bilboko Udalak jarrera tinkoa hartzea duela helburu. Bozeramale ezkertiarrak gogoratu du Euskal Herrian aurten jada 29 langile hil direla lan istripuen ondorioz. Azkenik, Etxebarriak iragarri du EH Bilduren zinegotziek parte hartuko dutela barikuan ELA, LAB, ESK eta STEILAS sindikatuek lan-istripua salatzeko eta behin-behinekotasunaren kontra antolatutako elkarretaratzean; goizeko 11:15ean egingo dute, Bilbon, Lan Ikuskaritzaren aurrean.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun