Maratoiaren munduko marka apurtzen ahaleginduko dira bihar Erandion

Iker Rincon Moreno 2016ko uzt. 21a, 16:50
Janire Fernandez eta Jon Salvador iaz Nojan, ezkerretik eta eskumatik bigarrenak. © NOJAKO UDALA

Janire Fernandez de Olano, Andrea Medeiro, Jon Salvador eta Javier Conde atletek zinta gaineko erreleboko maratoi mistoaren munduko errekorra apurtzeko ekimena egingo dute bihar, barikuan. Hitzordua 18:00etan ipini dute, Altzagako Irailaren 23a plazan. Egitasmoak elkartasun-helburu bikoitza dauka: alde batetik, 1.500 euro bideratuko dute Senegalgo hezkuntzara eta, beste aldetik, Osakidetza odol-emaileen marka ere gainditzen saiatuko da, aldi berean plazan ipiniko duen autobusean.

Jon Salvador atleta erandioztarrak etxean jokatuko du, eta zaleen babesak lagunduko dio 02:43:15 denborako marka apurtzeko bere ekarpena egiten. Pasa den urteko abuztuan berak, Janire Fernandez de Olanok eta beste atleta bik egin zuten orain gainditu gura duen errekorra, Nojan. Ez da daukan marka bakarra: besteak beste, Saharako maratoiarena ere badu, 2010ean egin zuen 02:42:40 denborari esker. Horrezaz gainera, ertzainak 21 domina jaso ditu, haietako 7 urrezkoak, Polizia eta Suhiltzaileen Munduko Jokoetako bost ediziotan. Denera, 26 maratoi bukatu ditu Salvadorrek, haietako batzuk Javier Condegaz batera, Elkartasun Maratoiak ekimenean. Pasa den uztailaren 10ean eman zion Condek bukaera ekimenari.

Salvadorregaz batera, zinta gainean izango dira Andresa Medeiro Portugaleteko atletismo-taldeko etorkizun oparoko kirolaria, Janire Fernandez de Olano gasteiztarra eta Javier Conde txapeldun paralinpiko eta munduko errekordun basauriarra.

Lau atletek munduko marka gaindituko duten ala ez egiaztatzeko Bizkaiko Atletismo Federazioaren epaileak izango dira lekuko.

Azkenik, ekimena aintzat hartuta, Caixa Fundazioak 1.500 euro emango dizkio Creando Futuros EGK bizkaitarrari, Senegalgo Mbour hirian sortu duen eskola laguntzeko. Proiektu hori 2014an eta 2015ean, behintzat, babestu du Erandioko Udalak.

Erlazionatuak

Jon Salvadorren azken elkartasun-maratoia

Iker Rincon Moreno 2016 eka 23 Erandio

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun