Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 2016

Astrabuduko herriko etxea berrinauguratu dute

Iker Rincon Moreno 2016ko ira. 12a, 17:00
Astrabuduko herriko etxea, gaur goizean.

Jose Antonio Pastorrek berrireki du gaur Astrabuduko PSE-EEk Ollaga kalean duen egoitza. Eusko Legebiltzarrerako Bizkaiko zerrendaburuak baliatu du ekitaldia Iñigo Urkullu jeltzalearen Gobernuaren aurka berba egiteko. Astrabuduko herriko etxea "hiritarren proposamenak entzuteko lekua" dela adierazi du.

Pastorregaz batera izan dira, besteak beste, Mikel Torres Bizkaiko PSE-EEko idazkari nagusi eta Portugaleteko alkatea, Juan Otermin Bizkaiko batzarkide eta Erandioko zinegotzi ohia, Aitana Lopez Bizkaiko Gazteria Sozialisten batzordekide astrabuduarra eta Vicente Reyes Garraio diputatua.

Bere ustez, EAJren Exekutiboa "erosotasunean" erori da eta "'euskal oasi' delako filma saltzen digu, baina ez dago horrelakorik; hori litzateke esatea Euskadin ez dugula arazorik, ez industrian, ezta langabezian edo itxarote-zerrendetan dauden pertsonarik ere". Bizkaiko zerrendaburuaren arabera, Iñigo Urkulluren Gobernuak "ez du ezer egin, ez du ekimenik bultzatu".

Pastorrek ezkerreko beste hautagaitzen kontra ere mintzatu da: "EH Bildu betiko elkarrizketa zaharrean sartuta dago eta gero nazionalisten laguntzaile erabilgarria daukagu, asimilatutako Ahal Dugu, hona datorrena ez gizarte politikaz edo hiritarren arazoez berba egitera, erabakitzeko eskubidea babesteko konpromiso hartu duela eta bidaia horretan lagunduko dituztela EAJri esatera baino; herriak dituen arazoen gainean hitzik ez".

Hiru indar horiei leporatu die Pastorrek "politika zaharraz, klixe zaharrez, eta inor laguntzen ez duten mezu zaharrez mintzatzea". Bere ustez, "Euskadik dituen arazo bat ere ez da konponduko edozein motatako erreferendum sezesionista proposatu arren: ez langabezia, ez gizarte politikak, ez hezkuntza, ezta osasungintza ere". Sozialistak "abenturatzat" jo du autodeterminazio-eskubidea eta argi utzi du PSE-EE horren aurkakoa dela.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun