Martitzenetik aurrera erandioztarrek aurrekontuen gaineko iritzia eman ahal izango dute

Iker Rincon Moreno 2016ko ira. 21a, 09:00
Erandioko udaletxea.

Irailaren 27tik, martitzena, eta urriaren 5era arte, Erandioko Udalak euren iritzia eskatuko die erandioztarrei, 2017ko udal aurrekontuak idaztera begira. Horretarako, lehenengo aldiz, parte-hartze prozesu xume bat ipiniko du martxan, gura duenak datorren urteko udal kontuei ekarpenak egin diezaizkion.

Erandioko Udalak hainbat bitarteko ipiniko du herritarren esku, horiek udal arduradunei iradokizunak eta ekarpenak helaraz diezaizkien. Besteak beste, inkesta bat, Internet bidezko galdetegi online bat, jaitsi daitekeen pdf dokumentu bat, postontzi bat eta aurrez aurre jarduteko karpak, aste-akabuan. Elementu fisikoak Altzaga, Astrabudua, Erandiogoikoa eta Lutxana auzoetan jarriko dituzte. Gainera, kanpaina udal sare sozialetan ere segitu ahal izango da. Inkestaren esku-orriak udal lokaletan eta kiroldegietan zein Lutxanako eskoletan ere jaso ahal izango dira.

Inkestak hiru zati izango ditu. Lehenengoan, nork bere auzoa hobetzeko ekarpenak egin ditzan eskatuko zaie hiritarrei; bigarrenean, EAJ eta PSE-EEren Udal Gobernuak idatzitako Legegintzaldirako Planean jasotako ekimenak lehenesteko laguntza galdegingo zaie; azken zatian, iradokizunak eta ekarpenak emateko aukera izango da, modu librean.

Udal arduradunek azaldu dutenez, ekimena lehen aldiz egingo denez "eredu erraz baten alde egin" dute. Halere, prest daude datozen urteotan eredu horrek "bilakaera" izan dezan. Izan ere, euren iritziz, aurtengo dinamikaren helburu nagusia da "hiritarrengan udal gai publikoen gaineko kultura parte-hartzailea bultzatzea eta parte-hartze handia lortzea, adierazgarritzat jo ahal izateko".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun