Osasun Jaia egingo dute zapatuan Astrabuduan

Iker Rincon Moreno 2016ko ira. 23a, 21:28
Osasun Jaia, artxiboko irudian. © ERANDIOKO UDALA

Erandioko Menpekotasunen Prebentziorako Udal Batzordeak Osasun Jaia antolatu du zapatu honetarako Astrabuduan, Mendiguren plazan. Festaren 23. edizioa izango da eta, batez ere, udalerriko ume eta gazteei zuzenduta dago. Izan ere, aurreko urteetan bezalaxe, aurtengo ekitaldian ere garrantzi berezia emango diete Umeen Eskubideei. Irailaren 26an 92 urte beteko dira Umeen Eskubideei Buruzko Ginebrako Adierazpena onartu zenetik.

Jaia Astrabuduan izango da, 10:30etik 14:30etara. Bertan, jarduera jolasgarri eta animaziozkoak egingo dituzte, bizimodu osasuntsua eta ingurumenaren babesa sustatzeko eta alkoholdun edarien zein tabakoaren kontsumoa prebenitzeko. Hala, jolasak, tailerrak, puzgarriak, musika eta beste hainbat gauza gozagai izango dituzte hurbilduko direnek.

Autobusa

Joan-etorriak errazteko, autobusa berezia jarriko dute, doan. Ibilbidea honako izango da: Erandiogoikoa (hilerria), Altzaga (Santi Brouard parkea), Astrabudua (osasun-zentroaren aurrean). Ordutegia, ostera, honakoa izango da:

  • Joateko: 09:30 / 10:15 / 11:00 / 11:45 / 12:30
  • Itzultzeko: 13:15 / 14:00 / 14:45 / 15:30

Udalak erandioztar denei parte hartzera gonbidatu ditu. Era berean, boluntarioen kolaborazioa eskertu du, tartean honako taldeena: Erandioko Emakumeen Elkartea, Ausartzen, Bultzatzen, Erandioko Kabalgata, Erandioko Atletismo Eskola, Lutxana Arraun Elkartea, Trabudu Dantzari Taldea, Uribe Aldeko Gazteen Gurutze Gorria, Gizarte Unamaz Alkartuak, Tratu Txarrak Jasotako Haurren Laguntzarako Euskal Elkartea, Gurari, Extremadurako Etxea, Bizkaiko Abere eta Landare Babeslea, Erandioko Babes Zibila, Erandioko Txirrindulariak, Uztargi Dantza Taldea, Erandio Kirol Elkartea, Astrabuduko Emakumeen Elkartea eta Takolos irrati-kluba.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun