Basalaneko beharginek lanuztea egingo dute astelehenean lan-istripu hilgarria salatzeko

Iker Rincon Moreno 2016ko ira. 30a, 20:06
Gehiengo sindikalak eskualdean deitutako protesta bat, artxiboko irudian.

Erandiogoikoko Basalan foru sozietateko beharginek egun osoko lanuztea egingo dute datorren astelehenean, atzoko hildakoari eta bere senideei elkartasuna adierazteko, istripua salatzeko eta segurtasun-neurriak galdegiteko. 11:00etan, Bilbon elkarretaratuko dira, Foru Jauregiaren aurrean.

Atzo Erandioko Basalan foru enpresan behargin bat hil zen lan-istripuz; hori dela-eta, enpresan batzarra egin ostean, sindikatuek hainbat mobilizazioetara deitu dituzte langileak. Hasteko, Basalan sozietateko beharginek egun osoko lanuztea egingo dute astelehenean, urriak 3. Egun horretan, goizeko 11:00etan, elkarretaratzea egingo dute Bilboko Kale Nagusian, Foru Jauregiaren aurrean. Deialdia Bizkaiko Foru Aldundiko langile guztiei egin diete, baita erakundearen menpeko sozietate publikoetakoei ere. Besteak beste, ELAk, LABek eta CCOOk bat egin dute kontzentrazioagaz.

Era berean, ELA sindikatuak salatu du hildakoak aldi baterako kontratua zuela eta Basalanen horrelako kontratuen kopuruak mugagabeena hirukoizten duela; areago, proportzio hori une jakin batzuetan handiagoa ere izaten dela. ELAk agerian utzi izan du lehenago ere lan-istripuen eta aldi baterako enpleguaren edo prekaritatearen arteko lotura. "Istripu hilgarri hau are larriagoa da, Basalan Foru Aldundiaren sozietate bat delako; hots, Aldundia bera da enpleguaren, prekaritatearen eta lan-osasun eta -segurtasunaren arduradun. Horregatik, heriotza horrekin Foru Aldundiak ardura du", gaineratu du sindikatuak.

Ildo berean ELAk Osalanen jokabidea ere salatu du: "istripua atzo arrastiko ordubietan gertatu zelarik, bisita gaur goizeraino atzeratu zuen (ezbeharra gertatu eta 20 ordu beranduago). Euskal administrazioak kasu larri honetan hain geldo jokatzea ezin da onartu. Aspaldidanik adierazi dugu Osalanen eta administrazioen jokaera pasiboa, lantokietan segurtasun neurri guztiak exijitzerakoan, zein oraingoan, istripua gertatu zen lekua ikuskatzea hainbeste atzeratu dutelarik".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun