Erandioko Udalak eta Cáritasek hitzarmen iraunkorra sinatu dute

Iker Rincon Moreno 2016ko urr. 19a, 19:12
Erandioko Udal Gobernuaren eta Cáritasen ordezkariak atzo, udaletxean. © ERANDIOKO UDALA

Erandioko Udalak eta Bizkaiko Cáritas Diocesana eliz-elkarteak "elkarlan-hitzarmen iraunkorra" sinatu zuten atzo, udal iturriek baieztatu dutenez. Hitzarmen horren bidez, Cáritasek 10.000 euro jasoko ditu udal diru-kutxatik, "Erandio udalerriko pertsona behartsuei zerbitzuak eta laguntza ekonomikoak eman diezazkien".

Erandioko Udal Gobernuaren aburuz, "gaur egun, Cáritas bada, aurretik legez, Erandioko udalerrian gizarte-ekintzan diharduen Gobernuz Kanpoko Erakunde garrantzitsuena. Orain dela hamarkada batzuetatik hona, Cáritasek gizarte bazterketaren eta txirotasunaren aurkako behar goraipagarria egiten du Altzagako eta Astrabuduko parrokien bidez, eta erandioztarrek lan hori aintzat hartu eta gogoko dute". Adibidez, pasa den maiatzaren 26an Karitate Eguna antolatu zuen Erandion Bizkaiko Cáritasek. Eliz-elkarteak emandako kopuruen arabera, 600 bat kolaboratzailek hartu zuten parte ekimen hartan.

Erandioko Udalaren Gizarte Ekintza Arloa "kontziente izan da hitzarmen hori sinatzearen beharraz", erakunde bien arteko elkarlana eta koordinazioa sendotu eta Erandioko sendi behartsuei erabateko laguntza emateko, udal iturriek azpimarratu dutenez. Elena Pérez Barredo zinegotzi sozialistak azaldu duenez, "batzuetan, zerbitzu eta laguntza publikoak ez dira nahiko okerren bizi dabiltzanak laguntzeko. Logikoki, laguntza publikoek badituzte baldintza oso zorrotzak eta hainbatetan ez dira egokitzen pertsonen premiazko beharrei. Horregatik sinatu dugu hitzarmen hau, inor ez dadin geratu babes barik".

Cáritasekiko hitzarmena batu zaie aurretik Sortarazi eta Aunar elkarteakaz sinatutakoei. Kasu horietan, helburuak dira elikagaien banaketa eta hainbat gizarte bazterketa ekiditea, arroparen eta zapaten gabezia edo txirotasun energetikoa bezalakoak. Udal Gobernu Taldearen ustez, hiru hitzarmenek "zerbitzu eta laguntza publikoak osatu eta erakundeen arteko kooperazioa eta elkarlana sendotu egiten dituzte, Udalaren lidergoaren pean". Hala, "txirotasun- edo gizarte bazterketaren egoeraren batetik ateratzeko laguntza behar duten pertsona denengana heltzea" da akordio horiei ipinitako helburua.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun