Goierriko sokatira-taldeko instalazioen hobekuntzak amaitzen dabiltza

Iker Rincon Moreno 2016ko urr. 21a, 10:56
Lanen irudi bat.

Goiherri sokatira-taldeak entrenatzeko aterpe berria estreinatu ahal izango du hemendik denbora gutxira.

Goierri auzoko sokatirarako entrenamendu-azpiegitura amaitzear daude, lanak egiten dabiltzan Protec SL enpresak baieztatu duenez. Beharginak Goierriko antzinako eskolen ingurua atontzen dabiltza, egurrezko egitura biri azken ukituak eman bitartean.

Lehenengo azpiegiturak 36 metroko luzera eta 4 metro pasatxo dauzka zabaleran. Bestea dezente laburragoa da, 20 metroko luzera dauka. Lehenengoan, Goiherriko tiralariek talde biren arteko entrenamendua egin ahal izango dute, busti barik, euria dabilen egunetan. Bigarrenean, talde bakar baterako entsegu-gunea dago; bertan, erronka da polea batetik eskegitako pisuak altxatzea.

Orain arte, egun euritsuetan, metalezko xafla batek babestuta bakarrik egin zezakeen bigarren ariketa sokatira-taldeak. Klubak Suitzan ezagutu zuen horrelako sistema, eta etxean baliatzea pentsatu zuen. Lanek 60.000 bat euroko kostua dutenez, hainbat kontaktu izan dituzte talde politikoakaz. Joseba Goikouria alkateak eta EAJk zein EH Bilduk iaztik defendatu dute ekimena, eta aurtengo aurrekontuetan sartu zuten. PSE-EEk ere bat egin zuen proiektuagaz, Legegintzaldirako Planean. Laster, Goiherriko kirolariak 2020ko Getxoko Mundiala prestatzen hasi ahal izango dira.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun