Gaur beteko dira 25 urte ETAk Fabio Moreno umea hil zuenetik

Iker Rincon Moreno 2016ko aza. 7a, 10:30
Álex Moreno Somorrostro ikastetxean, bertako neska-mutilei bere historia azaltzen. © SOMORROSTRO IKASTETXEA

Orain dela 25 urte, 1991ko azaroaren 7an, 17:00ak aldera, Fabio Moreno urte biko umea hil zen Erandioko Tartanga auzoan, ETAk egindako atentatuan. Umea zihoan autoa eztanda egin zuen, ibilgailu azpian zeroan lehergailua detonatu zenean. ETAk Antonio Moreno guardia zibila zuen helburu. Leherketan, umea hiltzeaz gainera bere anai bikia eta aita zauritu ziren. Álex Moreno, Fabioren anai bikia, prest agertu da Javier Martinezegaz, hilketaz zigortutako etakideetako bategaz berba egin eta kafe bat hartzeko, "herra barik".

Morenok "Deia" egunkariari argitu dionez, "ez diot besarkada bat emango baina hartuko nuke beragaz garagardo edo kafe bat, berba egiteko, esan diezadan zergatik nire aita eta nire anaia. Munduko errespetu denagaz, herra barik". Bere ustez, "agian damutu egin da, ez dut uste egindakoa zuritu dezakeenik". Dioenez, "errespetatzen dut berak jarrera politiko bat izatea".

Era berean, Fabioren anaia pozik agertu da Erandion beragaz eta bere sendiagaz izan duten jokabideagatik: "auzokideek eta gugana hurbildu diren pertsona denek beti babestu gaituzte. Inoiz ez digute sentiarazi arazo bat geneukala; kontrakoa, lagundu gaituzte, bertan egon dira. Erandion jendeak badaki nortzuk garen eta inoiz ez da arazorik egon".

Morenok Eusko Jaurlaritzaren Adi-adian programan parte hartzen du, biktima gisa lekukotasuna ematen ikastetxeetan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun