Erandioko Udalak laguntza eskatuko die gazteei droga-kontsumoaren ikerketa egiteko

Iker Rincon Moreno 2016ko aza. 14a, 17:54
Haxix-maneiua, artxiboko irudian.

Erandioko Udalbatzak onartu berri du drogamenpekotasunen aurka borrokatzeko 2020ra bitartean erabiliko duen esku-liburua: "Adikzioei buruzko Erandioko udal plana. 2016-2020". Testu horretan, Udalak sortu duen hirugarren plana, garrantzia eman diote gizarte-hezitzaileen rolari eta gazteakaz batera lan egiteari.

Hala, haxixaren eta beste drogen kontsumoaz benetako diagnostikoa egiteko asmoz, testuak planteatu dituen informazio-iturri nagusietako batzuk dira kalean biltzen diren kuadrillen topalekuak eta gazte-lonjak.

Elena Pérez Gizarte Ekintzarako zinegotziak aurreratu duenez, behin diagnostikoa eginda Udalak estupefazienteen kontsumoak eragin ditzakeen "arriskuen eta kalteen berri" emango die gazteei. Izan ere, nabarmendu duenez, gazteak "oso goiztiar" hasten dira droga kontsumitzen; "modu neurrigabean", gainera.

Kaleko jardueragaz batera, hainbat ekimena izango da hezkuntza- eta familia-arloan, aurreko urteotan legez. Modu horretan ahaleginduko dira "adingabekoen droga-mota horren kontsumoaren igoera" apaltzen. Haxix, heroina eta beste droga batzuen kontsumoaz aparte, udal planak kontuan hartuko ditu alkohola, tabakoa, jokoa eta Internetaren erabilpen txarra ere, besteak beste.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun