Enpresa-jarduerak sustatzeko laguntzak eska daitezke Erandion hilaren bukaera arte

Iker Rincon Moreno 2016ko aza. 15a, 12:00
Erandioko Behargintza. © ERANDIOKO UDALA

Erandioko Udalak enpresa-jarduerak hasteko laguntza eskatzeko epea zabalik dauka. Interesdunek azaroaren 30era arte izango dute laguntza eskatzeko epea. Gehienez jota, enpresa-proiektu bakoitzak 3.000 euro lortu ahal izango ditu.

Udalak zabaldu duenez, laguntza jasotzeko ezinbestekoa da "enpresa Erandion eratu eta abian jartzea". Dena den, salbuespen bat dago horretan: "Erandion sortu ez arren, hiru hilabete baino lehenago bere kokapena aldatu" duten enpresek ere laguntza-eskaera aurkeztu ahal izango dute. Denbora aldetik, aurkez daitezke 2015eko abenduaren 1etik 2016ko azaroaren 30era bitartean sortutako enpresak. Bestalde, enpresaren forma juridikoa edozein izan daiteke, hala nola, banakako enpresaburuak, profesionalak, ondasun-erkidegoak eta sozietate zibilak.

Hiru mila euro gehienez

Enpresa onuradunak ez du administrazio publikoakaz zorrik izan behar, hots, egunean eduki beharko ditu zerga-betebeharrak Foru Ogasunagaz eta Erandio Elizateko Udalagaz, baita Gizarte Segurantzarekiko ordainketak ere.

Sortutako enpresa bakoitzak 3.000 euroko laguntza jasotzeko aukera edukiko du. Laguntza hori modu mailakatuan lortu ahal izango da. Lehenengo fasea enpresa sortzea da. Hori egiteagatik 1.500 euro lortuko du eskatzaileak paper denak aurkeztuz gero eta kreditu nahikorik egotekotan. Enpresariak edo enpresariek egiten duten inbertsioen arabera, beste 1.250 euro jasotzeko aukera izango da. Diru kopuru osoa eskuratzeko inbertsioa 100.000 eurokoa izan beharko da, handik behera, hiruko erregela erabiliko du Udalak dagokion laguntza kalkulatzeko. Hortaz, proiektu gutxik lortuko du atal horretan diru kopuru handia.

Azkenik, 250 euroko laguntza osagarria lortuko dute Ikerkuntza, Garapena eta Berrikuntza arloan diharduten enpresek, beti ere Europako Batzordeak hautatutako sektoreetan lan egiten badute: energia, eraikuntza eta eraikuntzarako teknologiak, ingurumena, ibilgailuak, garraioaren beste teknologiak, ekoizpen berriko beste teknologiak, elikagaiak, nekazaritza eta arrantza, informazio eta komunikazio
teknologiak, nanozientzia eta nanoteknologia, materialak, bioteknologia, beste garraioak, osasuna, segurtasuna edo espazioa.

Eskaerak osatzeko dokumentazio guztia Erandioko Udalaren webgunean eta Erandioko Behargintzan topa daitezke. Argibide gehiagorako, bertara jo daiteke, ekintzailetza@erandioko-udala.net posta elektronikora idatziz, 944 175 616 telefonora deituz edo Altzaga auzoko Desanexio kaleko 4. zenbakiko bulegora hurbilduz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun