Jon Salvadorrek kobazulo batean korrituko du maratoia

Iker Rincon Moreno 2016ko aza. 22a, 15:08
Salvador, ezkerrean, Javi Condegaz, Pozalaguan. © SERGIO GONZÁLEZ AHEDO

Jon Salvador atleta eta ertzain erandioztarrak kobazulo baten barrutik beteko du bere hurrengo maratoia. Ekimena, ohi legez, Javi Conde atleta paralinpiko basauriarragaz batera egingo du. Maratoizaleek erronkarako aukeratu duten lekua Karrantzako Pozalagua haitzuloko Versalles gela da; abenduaren 23an ahaleginduko dira 42,195 kilometroak betetzen.

Ez da lehenengo aldia Jon Salvadorrek eta Javi Condek maratoia korritzeko leku xelebreak aukeratzen dutena. Aurretik, besteak beste, Bizkaiko Zubiaren goikaldean, Athleticen gabarran eta Deustuko estolderietan jardun dute kirolzaleek.

Erronka egingarria izateko, Pozalaguako lurra moketa batez estaliko dute. Halere, Javi Conderen iritziz "gogorra izango delakoan nago". Gainera, bere ustez, "bost ordu baino gehiago emango ditugu" maratoia bukatzeko, "ardura-neurri asko hartu beharko dugulako". Orain arte beti egin duten moduan, babesleek emango duten dirua, gastuak estali ostean, hainbat EGKren elkartasun-proiektuetara bideratuko dute. Besteak beste, Haitin Matthew urakanak utzitako hondamendian laguntzeko Unicefek darabilen proiektua babestuko dute kirolariek. Orain arteko proiektuetan, 170.000 euro baino gehiago bideratu dituzte elkartasun-ekimenetara.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun