Gure Esku Dagok sinadura-batzeari ekin dio, berriro ere

Iker Rincon Moreno 2016ko abe. 2a, 10:00
Erandioko Gure Esku Dagoren artxiboko irudia. © ERANDIOKO GURE ESKU DAGO

Pasa den maiatzaren 20an "adin, pentsaera eta izaera desberdinetako" Erandioko hainbat auzotarrek abiatu zuten "Erandiok Erabakia" izeneko adierazpena. Erandioko Gure Esku Dago taldeak testuaren aldeko 2.500 sinadura batu gura ditu, udalerriko erroldaren %10 bat. Horretarako, GEDk hainbat mahai ipini zituen udako jaietan; sinadura-kopurua biribiltzeko asmoz, pasa den domekan berriro ekin zioten adierazpenaren aldeko sinadurak batzeari. Hala egingo dute datozen asteotan ere. Domeka honetan, abenduak 4, Astrabuduko Josu Murueta plazan ipiniko dira, eta hilaren 18an, Altzagako Jado kalean. Saio bietan, 12:30etik 14:15era.

Sinadura-orriaren testua

2016ko maiatzaren 20an, Erandioko adin, pentsaera, eta izaera desberdinetako auzotarrok bildu ginen Pertsonen Erabakitzeko Eskubidearen inguruan berba egiteko eta bertan adostu genituen ideiak gure auzokide guztiei zabaldu nahi dizkiegu:

  1. Herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu, herritarron garaia da.
  2. Gure estatus politikoa eta gure etorkizuna erabakitzeko kontsultatuak izateko eskubidea dugu euskal herritarrok.
  3. Dagokigun eskubide hori gauzatzea lortu arte ilusioz lan egiteko konpromisoa hartzen dugu, hau sinatzen dugun erandioztarrok.
  4. Ezinbestekotzat jotzen dugu akordio plurala lortzea erabakitzeko eskubidea bideratzeko.
    Erandioko bizilaguna naizenez eta aurretik aipatutako ideiekin bat natorrenez gero, sinatzen dut adierazpen hau.
Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun