"Peru eta otsoa" umeentzako antzezlana izango da arrastian Astrabuduan

Iker Rincon Moreno 2017ko urt. 4a, 14:59
"Peru eta otsoa" antzezlanaren irudi bat. © DIDAU ANTZERKI-FAKTORIA

Didau antzerki-faktoriak gaur, eguaztena, aurkeztuko du "Peru eta otsoa" 6 eta 9 urte bitarteko neska-mutilentzako eta sendientzako antzezlana, euskaraz. Saioa Astrabuduko Josu Murueta kultur etxean izango da, 19:30ean. Sarrerak euro bian eros daitezke. "Peru eta otsoa" ipuin musikatu ezaguna da; Sergei Sergeyevich Prokofiev musikari errusiarrak idatzi zuen, 1936an.

Prokofieven asmoa, musika sinfonikoa umeei modu dibertigarrian hurbiltzea zen eta horrela egin zituen konposizio musikatua eta ipuinaren moldaketa ere. Ipuin errusiar bateko pertsonaiak hartu eta bakoitzari instrumentu baten bidez irudikatu zuen: Peru, orkestrako hari-instrumentuen bidez azalduko zaigu; txori txikia zeharkako txirula izango da; zoritxarreko ahatea, oboea; katu zuhurra, klarinete goxoa; aitona,beti marmarrean, fagota; basoan bizi den otso handia, tronpak; eta basoan errondan dabiltzan ehiztariak, tinbalak eta bonboa.

Oholtzan, zuhaitz eder baten eta gramofono zahar baten laguntzagaz, ipuina kontatuko diguten pertsonaia xelebre bi izango dira. Didau antzerki-taldeak "Peru eta otsoa" obraz egindako bertsioa berezia da beraz. Ainhoa Agirre Aldabaldetreku eta Juan Manuel Álvarez Silva aktoreek haurrentzako lehen ipuin sinfonikoaren ikuspegi berria eman dute, atenporala eta umeentzat egindako sinfoniei garrantzia eman diena.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun