Antzerki EguEnak ekimen euskalduna estreinatuko dute bihar Altzagan

Iker Rincon Moreno 2017ko urt. 18a, 18:10
"Desenfutxatuak" antzezlanaren pasarte bat. © GUILLERMO CASAS - TARTEAN TEATROA

Bihar, eguena, "Desentxufatuak" antzezlana taularatuko dute Erandion Tartean Teatroko Patxo Telleria eta Mikel Martinez aktoreek. Ikuskizuna Altzagako azoka zaharrean egingo dute, 20:00etan; sarrera irekia eta doakoa izango da. Hala, lan horregaz estreinatuko dute Antzerki EguEnak ekimena. Erandioko Udalak hilero euskarazko antzezlan bat programatuko du azoka zaharrean, hileko hirugarren eguenean, hain zuzen ere.

Iniziatiba horregaz, Udalak erantzungo die auzokideek aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan eskatutako antzerkiaren, azoka zaharraren eta euskararen aldeko apustuei. Daborduko, maiatzaren bukaera arteko antzezlanak iragarri dituzte.

"Desentxufatuak"

Bi euskara ikasle, "munduko euskaldunberririk zaharrenak", berrogei urte daramate euskaltegian eta oraindik... Publikoartera agertuko dira, euren frustrazio, desio eta kexak adierazteko. Maitasun istoriorik ederrenetan bezala, euskara maite dute eta gorroto. Gorroto dutelako maite dute; maite dutelako, gorroto.

"Desentxufatuak" katarsi ariketa bat da. Euskara ikasleentzat bada, jakina, euren isla (deformatua) ikusten dutelako agertokian. Baina euskara ikasle ez direnentzat ere. Euskaldun denon isla ere badirelako bi pertsonaiok. Euskaldunok ditugun desio, kexa, eta obsesio berberak dituztelako. Eta obsesioetan, bi nagusi: euskara bera eta ... bai, sexua, jakina! "Desentxufatuak" hainbat antzezlanen pasarterik onenakaz osatua dago, hala nola, "Euskera Sencilloaren Manifiestoa" eta "Larruaizetara".

Antzerki EguEnak ekimenaren egitaraua

  • Urtarrilak 19, "Desentxufatuak". Tartean Teatroa.
  • Otsailak  16, "Jainko basatia". Txalo Produkzioak. Aktoreak: Aitziber Garmendia, Mikel Losada, Andoni Agirregomezkorta eta Tessa Andonegi. Zuzendaria: Begoña Bilbao.
  • Martxoak 16, "Francoren bilobari gutuna". Artedrama, Le Petit Théâtre de Pain, Dejabu Panpin Laborategia. Aktoreak: Ander Lipus, Patricia Urrutia, Manex Fuchs, Zoila Berastegi, Urko R. Pescador,  Pako Revueltas eta Erika Olaizola. Zuzendaria: Ximun Fuchs. Unai Iturriaga eta Igor Elortzagaz idatzia.
  • Apirilak 27, "Atte hil aurretik" Beheko Larraine. Aktore eta idazlea: Miren Tirapu. Zuzendaria: Maika Etxekopar.
  • Maiatzak 18, "FaKiu". Atx teatroa. Aktoreak: Belen Cruz, Sandra Fdz. Agirre eta Gabriel Ocina. Zuzendaria: Iñaki Ziarrusta. Idazlea: Fredi Paia.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun