Gizarte laguntzak eguaztenetik aurrera eskatu ahal izango dira Erandion

Iker Rincon Moreno 2017ko urt. 30a, 10:00
Hirugarren adineko bizilagunena da GLLak jasotzen dituen kolektiborik garrantzitsuenetako bat. © ERANDIOKO UDALA

Datorren otsailaren 1ean, eguaztena, Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL) eskatzeko epea zabalduko du Erandioko Udalak. Eskaerak Altzagan eta Astrabuduan egin ahal izango dira, Udaleko Gizarte Zerbitzuetan, 09:00etatik 14:00etara. Udalak jakinarazi duenez, iaz eskaera aurkeztu eta baldintzak bete zituzten erandioztar denek izan zituzten laguntzak.

Erandioko Udalak azpimarratu duenez, 2016an "erandioztar bat ere ez zen GLLetatik kanpo geratu". Hala, 414 eskaerak jaso zituzten iaz gizarte zerbitzuek. Horietatik bost espediente baztertu zituzten, baldintzak ez betetzeagatik; era berean, 3 pertsonek uko egin zieten laguntzei. Halandaze, 406 pertsonek jaso zuten GLL laguntzaren bat; denera 470.572 euro bideratu zituzten horretara.

Udalak 158.388 euroko diru-partida bat onartu zuen Eusko Jaurlaritzak egindako ekarpena (312.184 euro) osatzeko, EAJk eta PSE-EEk osatzen duten Udal Gobernuak azpimarratu duenez.

Joseba Goikouria alkateak nabarmendu du "guretzat garrantzitsuena dela pertsona bat ere ez dela bazterrean gelditu, aurrekontu nahikorik ez izateagatik. Beharrak agertu diren heinean diru-partida berriak gehitu ditugu, eta egundoko orekak egin ditugu laguntza horiei dagozkien funtsak ipintzeko, ulertzen baitugu inportanteena zirela pertsona horien beharrak".

Eboluzioa

Urtez urte, eta iaz arte, gora joan da Udalak GLLak osatzeko ipini duen diru-kopurua. Hala, 2011n, 68.900 euro izan ziren; 2012an, 89.510,86 euro; hurrengo urtean, 123.607,24; 2014an, 151.040 euro; eta orain dela urte bi 220.971 eurokoa izatera heldu zen udal-ekarpena. Halandaze, iaz, %28,3 gutxiago ipini behar izan zuen Udalak, 2015agaz alderatuta.

Oro har, gorantza egin du ere GLL laguntzak jaso duten pertsonen kopuruak. 2011n hasita honako hau izan da eboluzioa: 234, 290, 329, 322, 392 eta iazko 406. Udalak onartu duenez, iazko datua mugarria izan zen, pertsona bat ere ez zelako kanpoan geratu, aurrekontu nahikorik ez izategatik. Hala, gogorarazi dutenez, 2015ean 454 eskaera aurkeztu zituzten, baina 392k baino ez zuten laguntza jaso. 13 baztertu zituzten baldintzak ez betetzeagatik edo eskatzaileak berak atzera bota izatearen ondorioz, baina beste 29 kasutan gizarte zerbitzuek ezezkoa eman zuten dirurik ez zutelako.

Goikouriaren ustean, "zenbaki horiek egiaztatzen dute EAJ-PSE-EE gobernu-akordioak erabateko indarra lortu duela horiek bezalako egoeretan. Izan ere, alderdi biek hartu zuten gizarte zerbitzuak indartzeko konpromisoa, inor bizitza duina izateko laguntza barik ez uzteko".

Gizarte Larrialdietarako Laguntzen diru gehiena doa etxebizitzari lotutako gastuak ordaintzeko (alokairua, mailegu-amortizazioa edo zorpetzea), mantentze-gastuak (ura, argia, komunitatea, oinarrizko ekipamendua...) edo lehenengo mailako beharrak asetzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun